Bai horixe

Zapia buruan

Hiyabaren inposaketari aurre egiteko bide bakarra hezkuntza da

Logroñoko ikastetxe batean sarrera ukatu diete buruan zapia daramaten neskei. Ezin omen da bertara burua estalita sartu, erabaki du zuzendaritzak. Hiyab izeneko zapia zeramaten neska gehienek amore eman dute debekuaren aurrean. Batek ezik eta zuzendaritzak etxera bidali du neska hori. Gainerako ikasleak sinadurak biltzen hasi dira zuzendaritzaren aginduaren kontra, baina erabakia ez da oraindik aldatu. Neskak ezingo du batxilergoa ikastetxe horretan egin, baldin eta bertara sartzeko zapia kentzen ez badu. Hiyaba da debekatzen dena, ez txapela edo kapelua.

Publicidad

Auziaren aurrean Errioxako gobernuak adierazi du ikastetxeak autonomia duela barne arauak jartzeko orduan, eta beraiek ez direla eztabaida horretan sartuko. Ikusiko dugu zer gertatzen den aurrerantzean, baina zapiaren debekuaren kontra dauden neska-mutilek oraindik erabili ez duten tresna erabil dezakete: gutxienez neska guztiak ikastetxera zapia buruan sartu. Ez du eragin bera bakarraren protestak edo talde batenak.

Aspalditik eztabaidatu da hiyabaren kontua atzerrian eta ez hain aspalditik gure artean. Eta eztabaida horretan ere feminismoaren barruan bi jarrera dira nagusi: zapia emakume edo neska horren zapalkuntzaren adierazle dela esaten dutenak eta zapia eramateko debekuak neska batzuk eskolatik aldentzen dituztela pentsatzen dutenak. Lehen taldea debekuaren alde dago, bigarrena, ez.

Bi jarrerok ulertzen ditut, baina gehiago lerratzen naiz bigarrenarekin, debekua proposatzen duen askok nire miresmena badu ere. Azken batean, ikastetxe horretako gainerako neskek buruko zapia baina gauza aldrebesagoak eramango dituzte soinean egunero, seguru, eta hiyaba buruan daramanak zapia inposatu zaiolako badarama, inposaketa horri aurre egin ahal izateko biderik emankorrena hezkuntzarena da. Zenbat eta gehiago ikasi eta ikusi, orduan eta erabaki libre bat hartzeko gauza izateko aukera gehiago.

Txikitan gure auzora lehen etorkin magrebtarrak etortzen hasi zirenean, zerbaitek harritzen gintuen beste ezerk baino gehiago. Ez zen janzkera, ezta azalaren kolorea ere. Harrigarriena zen kalean bi gizon elkarri eskua emanda ikustea. Gogoan dut ere zeinen harrigarri gertatu zitzaigun Donostian lehen udaltzain beltza ikustea. Baina geroztik edozein mundu bazterretik etorritakoak ez dira bakar batzuk, ugariak baizik eta horrek harridura gainditzen duen erantzuna eskatzen du. Hori bai, Giza Eskubideetan oinarritutako erantzuna.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad