Txiki ginenekoak

Bai horixe ·

Pentsakor gelditu zen, gure txikitako argazkiak ikusita. Zergatik dira denak grisak? galdetu zuen gero

Jueves, 26 de enero 2023, 07:04

Aurrena, Oihan bilobak esan zigun: aitona-amonon txikitako argazkiak behar zituela eskolarako. Irakasleak eskatu zizkiela. Oroitzapen politak ekarri zizkigun mutilaren eskaerak. Duela hiru urte ere, horixe esanez etorri zitzaigun Intza biloba.

Publicidad

Gero, paper bat ekarri zuen Oihanek, bost galderarekin: «Zein jolas zenituzten txikitan? Zein abesti entzun eta abesten zenituzten? Zer ohitura zenituzten? Zer ospakizun? Zer festa?».

Horrelako galderak egin zizkiguten Intzarenean ere. Baina eskolan. Hara joateko gonbidapena egin ziguten-eta irakasleek, gure argazkiekin zer egin zuten ikustera. Aitona-amona mordox-ka bat bildu ginen gela batean, gure bilobekin batera, irakasleen esanetara. Oso topaketa polita izan zen. Gaztetuta atera ginen aitona-amonok.

Gogoan dut nola galdetu zigun irakasle batek: zer kantatzen zenuten txikitan? Harrigarriak izan ziren gure erantzunak. Irratiz ikasitako kantak aipatu genituen gehienbat. Gure umetan iritsi baitzen irratia etxera. Eta tresna haren kantak sartzen barruraino.

Ia-ia bota nuen zer kantatzen hasi nintzen, ama lehen jaunartzeko jantzia janzten ari zitzaidanean: 'Doce cascabeles lleva mi caballo por la carretera...'. Zazpi urte bete gabea nintzen artean. Duela hiru urte Intza bezala, orain Oihan bezala. Baina eskolako gelan isilik gelditu nintzen, badaezpada.

Joan den astean, berriz, irakasleen mezua iritsi zitzaigun, Oihanen aitak bidalita. «Nire aitona-amonak ere izan ziren txikiak» zuen izenburu. Eta gero: «Bi astetan zehar, gaur egunera arte iraun duten ohitura eta tradizioen munduan murgilduta egongo gara. Gure aitona-amonak funtsezkoak dira transmisio horiek egiteko, eta haien lagun-tza beharko dugu. Jolas tradizionalez, ohiturez, eskolako jolasez hitz egingo dugu. Hondakinekin eta irudimen askorekin jostailuak egingo ditugu, lehengoak bezalakoak...».

Publicidad

Aitona-amonok aukeratu ditugu txikitako argazkiak, hasi gara bost galderen erantzunak zirriborratzen eta hor datorkigu Oihan argazkien bila. Pentsakor gelditu zen, eskuetan hartu eta banan-banan ikusi zituenean. «Zergatik dira denak grisak?», galdetu zuen gero.

Aitona-amonok bihar gara eskolara joatekoak. Ea zer egin duten bilobek eta irakasleek gure txikitako argazkiekin eta handitako erantzunekin. Ea asmatzen dugun gure txikitako munduaren koloreak berreskuratzen, argazkiak argazki, erantzunak erantzun eta kantak kanta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad