Euskaraldia amaituta, ospatu berri dugu Euskararen Eguna ere, joan den larunbatean, Xabierko Frantziskoren egunez, azken urteotan bezala. Izan ere, 1995az geroztik da abenduaren 3a Euskararen Eguna. Hala erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaindiaren eskutik.
Publicidad
Dena den, 1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehen Euskararen Eguna, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez. Hori bai: Ameriketan eta Iparraldean ospatu zuten. Hegoaldean, orduan, ezinezkoa zen horrelakorik. Jakina da zergatik jarri zuten Euskararen Eguna abenduaren 3an. Egun horretan hil zelako Xabierko Frantzisko, 1552an, Txinako uharte batean, eta euskaraz esan omen zituelako azken hitzak.
Omen. Arriskutsua da omenka jardutea. Baina ez da kontsentsuak apurtzeko garaia. Gainera, Loiolako Ignazioren umea ere bada Xabierkoa, neurri handi batean. Ezaguna da Urolakoak nafarrari Parisen behin eta berriz esaten ziona; latinez, noski: «Zer balio du mundua irabazteak, arima galduz gero?». Kostata, baina nafarrak noizbait eman zuen amore.
Latinezko hitz aiek gurera ekarrita, honelatsu itzul ditzakegu hizkuntz politikaren arlora, halako kutsu ekologikoaz: «Zertarako du euskarak mundu osoa irabaztea (eskola, komunikabideak, administrazioa...), anima (sukaldea) galduz gero?».
Izan ere, sukaldeari zor dio euskarak gaur arte iraun izana. Eta aurrerantzean ere, jai du euskarak sukalderik gabe. Sukaldea ez da nahikoa euskararen geroa ziurtatzekoa. Baina nahitaezkoa da.
Baina, aldi berean, sukaldera iritsi ohi da nekezen hizkuntz politikaren eragina. Milioiak erabil daitezke euskal eskola eta unibertsitateari eusten, edota euskal komunikabideak indartzen, edota administrazioa euskalduntzen. Baina nola eragin sukalde-giroan? Euskararen erabilerari buruzko inkestak ere kalean egiten dituzte, noiz eta sukaldeetan daudenean daturik funtsezkoenak.
Publicidad
Nasrudin izeneko gizon harena datorkit berriro gerora. Goizeko ordu txikietan, ba omen zihoan etxera, begiak lauso eta burua ere hala moduz. Eta non ikusten duen bere moduko beste bat farola baten pean, lurrera begira. «Zer habil?». «Giltza galdu zaidak. Eta bila nabilek». «Hemen galdu al zaik?». «Ez. Baina hemen zegok argia».
Ez. Ez dira errazak hizkuntz politika kontuak. Ondo daude adituen esanak. Baina geure esku dago funtsezkoa: sukaldeko giroa zaintzea. Zertarako dira kanpaina guztiak, ez badugu sukaldea zaintzen? Gora sukalde-aldia!
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión