Joan den astean, lau haizeetara zabaldu zen berria, Irulegi mendiko aurkikuntzaren harira: gure aurreko baskoi haiek bazekitela idazten eta irakurtzen. Bost hitz aurkitu direla brontzezko esku batean. Eta lortu dutela lehenengoa argitzea. 'Sorioneku' omen dio. Duela 2.100 urteko kontuak, gaurko euskararen aurrekoak.
Publicidad
Halabeharrez, Sokrates filosofoari buruzko lan bat irakurtzen harrapatu ninduen berri pozgarriak, grekerazko hitzetan murgilduta. 'Eudaimon' da hitz horietako bat. Ezaguna dugu hasierako 'eu': 'ondo', 'ona' ('eutanasia': heriotza ona). Eta ez zaigu arrotza egiten ondorengo 'daimon': jeinu, iratxo, demonio, aingeru, patu, zori...
Bat-batean, ispiluaren alde banatan ikusi nituen 'eudaimon' eta 'zoriona', elkarri begira, harrituta, sinestu ezinik, bata bestearen kalko eta biki –eu: on, daimon: zori–. Eta Irulegi menditik Atenasera joan-etorri ibili nintzen, zorionaren hegaletan, bi mila urte baino gehiago atzera eginda denboran.
Uste baino harreman handiagoa zegoen, nonbait, orduko herri eta kulturen artean. Euskara ez zen, noski, txoko honetan uzkurtuta eta bakartuta zegoen hizkuntza. Zaharkituta gelditzen ari zaizkigu, pixkana-pixkana, buruan genituen usteak, eskemak eta mapak. Dakiguna baino askoz ere gehiago da ez dakiguna.
Gero, gure 'zorion' hitzean murgildu nintzen. Adituek erro bereko jotzen dituzte 'zori' eta 'txori'. Antzinakoek uste omen zuten estu lotuta zeudela txoriak eta zoria. Txoriek iragartzen zutela zoriona edo zoritxarra. Gaztelanian ere bada horren aztarnarik. Oraindik ere erabili ohi da 'pájaro de mal agüero' esaldia. Baita 'buen agüero' eta 'mal agüero' ere. Eta, gaztelaniaren esparrutik irten gabe, zer irakurriko eta 'inaugurar' hitzak ere 'agüero' daramala erroan. Berez, horixe esan nahi duela hitzak: zerbaitek zer-nolako zoria –'agüero'– izango duen atzematea. Eta horixe atzeman nahi izan ohi zutela, lehen, zerbait inauguratzen zutenean. Eta abar.
Publicidad
Harrigarria da nolako ezkutukoak daramatzaten hitzek gordean. Eta zenbat ezkutuko harrigarri dituen iraganak bere altzoan guretzat jasoak. Asmatu egin behar bilatzen. Eta asmatu ezagutzen eta irakurtzen, begien bistara azaltzen zaizkigunean.
Oso antzinatik gatoz. Ez gara atzo goizekoak. Uste baino erro zaharragoak ditugu. Zorionak Aranzadi Elkarteari. Eta zorionekoa gure gizartea, Aranzadi bezalako elkartea izateagatik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión