Bai horixe

San Luis, pelotari

Jueves, 22 de junio 2023, 06:55

Gure gaztetxotan, San Luis izaten zen atzoko egunez. San Luis Gonzaga, jesuita, 23 urterekin hila Erroman, izurrite batean, gaixoak zaintzen ari zela gaitzak kutsatuta. Gure ... gaztetxotan, santu gazte horri buruzko istorio bat ere ikasi genuen, urteen joanean galtzen utzi genuena, umekeria zelakoan. Betiko galdua izango nukeen istorioa, baldin eta bi aldiz irakurri izan ez banu oso denbora-tarte txikian, Raimon Panikkar (Bartzelona, 1918 - Tavertet, 2010) eta Manuel Matxain (Aiete, 1916 - 1999) idazle kontalari.

Publicidad

Lehenik, Panikkar-en 'De la Mística' liburuan leitu nuen. Nola, Luis nobizio zela, beste nobizio batek ikusi zuen jolasean sutsu zebilela eta nola, une hartan Jainkoaz ahaztuta ariko zelakoan, galdetu zion zer egingo zukeen jakingo balu minutu batzuk geroxeago hiltzera zihoala. Eta Luisek erantzun: jolasean segi. Ondoren dator Panikkar-en iruzkina: «mistikoak une bakoitzean aurkitzen du eternitatea, eta sutsu jarraitzen du Biziaren jolasean».

Bigarrenez, duela hilabete irakurri nuen istorioa, baina orain bertsotan, Joxemari Iriondoren 'Pilota eta bertsoak' liburu plazaratu berrian. Manuel Matxain aietearrak bertso batean laburbiltzen du istorioa, aurretik aurkezpen txiki bat eginez: «San Luis ere libre zanean / amaika saio egiña (pilotan)».

Ondoren dator bertsoa:

Egun batean galdetu zien (zioten) / gure santu gazteari: /une artantxe ia bildurrik / al zion eriotzari;/erantzun zien: «Amar minutu / gelditzen bazaizkit neri, / oraintxe arte bezela nai det / pelotan jokatzen segi».

Publicidad

Eta hurrengo bertsoan egiten du Matxainek iruzkina, xalo-xalo:

«Emen lurrean ortan jostatzen / baldin baziran santuak, / gure jolasa nolakoa dan / ortik atera kontuak».

Badago alderik Panikkar-en eta Matxainen bertsioen artean. Aietearrak, agidanez, norbaiti ikasiko zion -ez zen urruti ibiliko apaiz pilotazale sutsuren bat- pilotan zebilela Luis gaztea sutsu jolasean, eta primeran etorri zitzaion pilota-jolasa goraipatzeko. Iruzkinetan ere bada alderik. Panikkar-ek dioenez, Bizia jolasa da; Matxaini, berriz, ez zaio asko falta esateko pilota-jolasa Bizia dela.

Ez. Ez naiz ari kosta ahala kosta lotzen jolasa eta eternitatea. Ez dute lotu beharrik. Berez daude lotuta. Ondotxo daki ume bat jolasean ikusi duenak. Alferrikakoak ditu nire iruzkinak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad