Plazaratzear da 'Pilota eta bertsoak' (Auspoa 337), Joxemari Iriondok ondutako liburua. Pilotari buruz jarritako bertsoek osatzen dute liburua, kronika batzuekin batera; guztira, 800 bertsotik gora, ... 65 kapitulutan. Baina, bertsoek gainezka eginda, edizio digital batean argitaratuko dira gainerakoak.
Publicidad
Gainezka. Horixe da hitza. Alde guztietatik gainezka egiten dute garai bateko pilota-partidei buruzko bertsoek eta kronikek. Harrigarria da zer-nolako desafioak eta apustuak egiten zituzten pilota zela medio. Zer-nolako jendetza mugitzen zuten. Adibidez:
Irun, 1846ko ala 1847ko abuztuak 9. Bost pilotari lapurtarren eta bost gipuzkoarren arteko desafioa, apaiz nafar bat su-emaile eta beste apaiz nafar bat -Joakin Gamio- pilotan. Partida-eguna baino hiru egun aurretik Irun gainezka, Euskal Herri osotik heldutako jendez. Urdanibia plazaren inguruan, oihalezko etxolak, pilotazaleei ostatu eman ahal izateko. Apustuak, ez sinesteko modukoak: idi parea, artalde osoa, artean jasotzeko zegoen arto-uzta, 150.000 libera…
Eguna iritsi zenean, hamabi mila gizon metaturik plaza zabalaren bi aldeetan eraikitako hamabost mailadietan; inguruko etxeetan, leiho guztiak ikuslez beteta… Partida, lapurtarrek irabazi. Garaipenaren puntua egin zuenari -Gaskoinari-, idi parea eta 40.000 liberako saria. Joakin Gamio apaizak, berriz, garesti ordaindu zuen partida irabazi izana -lapurtarrekin jokatu baitzuen-. Erbestera bidali zuen apezpikuak, baimenik gabe joan zelako jokatzera.
Publicidad
Austerlitz, 1805eko uztaila. «Rhin deritzan ibaiko bazter batean / zagon Frantses armada», dio lehen bertsoak. Eta «Armada handi hartan, sor lekutik urrun, / ezarriak baziren hogoi bat Euskaldun, / bi Baigorritarrak», jarraitzen du bigarrenak. Zer gogoratuko bi soldadu baigorriar haiei eta pilota-partida bat zutela hitzartua, Baigorrin jokatzekoa Baztanen aurka. Zer egin?
Isil-isilik soldadu-lagunak utzi, oinez zeharkatu Frantzia osoa hamabost egunetan, Baigorrira etorri, partida irabazi, eta martxa berriro oinez, egun batzuk herrian gozatuta. Armadako buruzagiek barkatu egindakoa, Napoleon buruzagi nagusi zutela Austerlitzeko bataila irabazi abenduaren 2an eta, gerra amaitu zenean, berriro ere etxera bi pilotariak. Hogeita zortzi bertsok kontatzen eta kantatzen dute, bizi-bizi eta sentimendu handiz, bi baigorriar haien balentria sinesgaitza.
Publicidad
Eskerrik asko, Joxemari.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión