Bai horixe

Lurra ez da infinitua

Gero eta zimaur eta gorotz gehiago ateratzen ari da polizien ukuiluetatik, kirats jasanezina dariola

Jueves, 15 de junio 2023, 06:48

Azkenean, liburuxka bat irakurtzera eraman ninduen albiste larriak. Ondo etorriko zitzaidan begietako makarrak kentzeko. Gertatutakoa ulertu ahal izateko, gertaerei izena jartzeko; eguneroko ikuspegi motzetik eta etengabeko ika-mika antzu eta hutsaletatik atera, eta dena talaia egokiagotik begiratu ahal izateko, patxada eta sosegu pixka batez, arnasa hartuz. Liburuxka, aspalditik nuen begiz joa eta oraintsu Internetetik jaitsia. Laburra da, 28 orrialde bestetik ez ditu. Baina ez nuen kemenik irakurtzen hasteko. Inmanuel Kant filosofo handia du egile eta 'La paz perpetua' izenburu. (Oso oker ez banabil, ez dago euskaratua.)

Publicidad

Albiste larria, egunkari honek plazaratu zuen, joan den astean, agerian utziz poliziaren jokabide nazkagarria, gonbitalarria eragiten duena. Alegia, nola Polizia Nazionalaren Irungo komisaria-buruak opor-egunak eskaintzen zizkien poliziei migratzaileak atxilotzeagatik. Hiru opor-egun, atxilotu batengatik; lau egun, bi atxiloturen truke…

Irudi beldurgarriak ekarri zizkigun gogora, eta susmo gaiztoak burura. Irudi beldurgarriak: polizia gizakiaren ehizan, ehiztaria basapiztia bezala. Susmo gaiztoak: azaleko kontuak izango direla opor-egun horienak; askoz ere kontu zikin handiagoak eta zabalduagoak egongo direla azpian…

Egunen joanean, baieztatu egin dira susmoak. Gero eta zimaur eta gorotz gehiago ateratzen ari da polizien ukuiluetatik, kirats jasanezina dariola. Ez da izan poliziaburu txolin baten egun bateko burutazio arina. Aspalditik dator arazoa eta sustrai luzeak eta zabalak ditu.

Azkenean, egingo nuke -apustu, mila ehuni- ez dela ezer gertatuko. Ezaguna dugu argumentua. Lehen momentuan, harridura; hurrengoan, arduradun politikoak-eta esanez kaskarin baten kontua izan dela, dena kontrolpean dutela eta espediente bat ireki diotela kaskarin bihurriari; ondoren, herriaren eta hiritarren manifestazioak; aldi berean, komunikabideak gero eta zikinkeria gehiago plazaratzen…; baina, azkenean, ezer ez. Zalaparta asko, itxura itxuroso galanki, baina ondoriorik ez. Eta bitartean, Kant gizarajoa aldarrika, migratzaileen alde: gizakiak Lurrean bizitzeko eskubidea duela; mugatua dela Lurra eta ezin dezakegula migratzaileekin jokatu Lurra infinitua balitz bezala, gure lurraldeetatik botaz, beste nonbait aurkituko dutelakoan bizimodua. Are argiago: eskubideez ari garela eta ez filantropiaz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad