Laugarren adina

Burua lehen bezain argi izango duzue, baina zuen gorputzak ez dio buruari lehen bezala obeditzen

Jueves, 23 de marzo 2023, 07:00

Gure aurrekoek arrazoi: lau aro ditu gizakion bizitzak, urteak bezalaxe. Udaberria, lehenengoa; negua, laugarrena eta azkenekoa. Baina guk, gure aurrekoei bizkar emanda, hirugarren adina deitu ... ohi diogu zahartzaroari. Bada, ordea, laugarren adina ere. Aurtengo neguak gogorarazi digu.

Publicidad

Aurtengo negua –nire inguruan, behintzat– erorikoen negua izan da. Ez dakit inoiz hainbeste erorikoren berri izan dudan. Kalean zihoala bat, eta ustekabean estropezu egin eta hankaz gora joan dela. Eta zangoan eta besoan aberia, eta herrenka eta besoa lotuta ibili behar puska batean. Eta horrela ikustean, beste norbaitek galdetu ea zer gertatu zaion. Eta erori egin dela jakitean, «neu ere bai».

Eta horrela, aurrena bat eta gero bestea. Eta hori, kalean izotzik ez dela izan aurtengo neguan. Zer gertatzen da hemen? Batek baino gehiagok egin dio galdera bere buruari. Gauza bat norbera erortzea baita, eta beste bat –askoz ere amorragarriagoa– zergatik erori den ez jakitea.

Azkenean, lurrean ibilitakoren batek aurkitu du erantzuna. Hirurogeita hamabost urtetik gora, nabarmen egiten omen du behera gizakion giharren malgutasunak. Malgutasuna galdu eta burua jabetu ez. Eta buruak lehen bezala jarraitzen omen du agintzen: «kontuz koska horrekin». Eta adinekoak ohi bezala kasu egin; ustez, behintzat. Eta hementxe omen dator benetako koxka.

Publicidad

Adinekoak, bere ustez, lehen bezala jasotzen omen du hanka, baina benetan gutxiago jasotzen omen du, lehengo malgutasunik ez duelako. Eta estropezu egin eta lurrera. Eta zer gertatu zaion jakin ez.

Badakizue, beraz, hirurogeita hamabost urte betetzeko zoria izan duzuenok. Kontuz! Burua lehen bezain argi izango duzue, baina zuen gorputzak ez dio buruari lehen bezala zintzo-zintzo obeditzen. Hanka behar adina jaso duzuela usteko duzue, baina uste horrek ere ustela du erdia. Zuek ere izan zineten gazteagoak. Bizitzaren laugarren adinean zaudete.

Bai. Arrazoi zuten gure aurrekoek: lau aro ditu gure bizitzak. Guri dagokigu haien esana gaurkotzea, bizitzaren luzapenera egokituz. Haientzat, hogei urte irauten zuen aro bakoitzak; eta hirurogeirekin hasten zen laugarrena. Gaur, hogeita bost urte dagozkio aro bakoitzari; eta hirurogeita hamabostekin hasten da laugarrena, giharrak malgutasuna galtzen hastean.

Publicidad

Zorionekoak, adinean aurrera goazenok, burua argi samar. Asmatuko ahal dugu koskak eta koxkak libratzen ere!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad