Bai horixe

Eskerrik asko

«Eta kito» esanez amaitzekotan egon naiz ia-ia. Baina ez. Badira inoiz kitatzen ez diren zorra

Niri ere iritsi zait eskerrak emateko ordua. Ia hogeita bost urte izan dira egunkari honetan zutabegintzan, sasi-igeltsero gehiago arkitekto baino. Sasipeko masusta, alegia; on ... Jose Migel Barandiaranek amari ikasitako hura gogoan: «gutxi izan eta asko uste, sasipeko masuste». Usteak uste, asmatuko ahal dut eskerrak ematen, behintzat.

Publicidad

Eskerrak, lehenik eta behin, Felix Ibargutxi kazetari fin eta adiskide finagoari. Berak zabaldu zizkidan hemengo ateak eta bera izan dut jarraitzaile zintzo. «Portatu haiz» esan berri dit, zutabegintza hau uzteko erabakia hartu nuela esan diodanean. Beti kendu behar ohi zaiek beroarena adiskideen hitzei. Baina bazekiat, Felix, ez haizela zurikeriatan ari. Ez duk hori hire izaera. Mila esker.

Eskerrak, nola ez, egunkari honi, zuzendaritzatik hasi eta zutabez zutabe editatze-lana egin duzuenoi. Autonomoa izaten lagundu didazuelako. Ez dakizue zenbat estimatzen den hori. Hogeita bost urteotan behin bakarrik deitu dit zuzendariak idazlana bideratzeko. Ia hasi berritan izan zen: 2001eko irailaren 11n. Mesedez, goizean New York-en izandako atentatuaz idazteko biharamuneko zutabea.

Hogeita bost urteotan idatzitako zutaberik ahulenetakoa izango da hura. Biharamunean, irrikaz nengoen besteren idatziak irakurtzeko. Madrilgo egunkari bateko lehen orrialdeak kendu zizkidan gogo guztiak. «Ha comenzado la III guerra mundial» zioen letra ezin larriagoz. Geroztik, behin baino gehiagotan irakurri dut albiste bera.

Publicidad

Egunkari honetan nahiago dituzue, nonbait, ahots apalagoak. Eta horrexegatik jasan izango nauzue horrenbeste denboran, pazientzia handiz. Mila esker.

Eta eskerrak, batez ere, irakurle guztioi. Batik bat, kalean edo posta elektronikoz zuen iritzia eman didazuenoi. Ez dira erraz eskertzen horrelakoak. Eta uste baino eragin handiagoa izaten dute. Esate baterako, zutabez zutabe etorri ohi zait gogora beste adiskide batek esandakoa, hasi berritan. «Hurrengoan zer esan behar diguk pulpitutik?». 'Pulpitu' hori iltzatuta gelditu zitzaidan betiko.

Geroztik, ahaleginak eta bost egin ditut pulpitu, katedra, dogmatismo eta fundamentalismo guztietatik ihes egiten, ahalik eta xaloen idazten. Barkatuko ahal dizkidazue hutsegite eta irristada guztiak. Mila esker.

Publicidad

«Eta kito» esanez amaitzekotan egon naiz ia-ia. Baina ez. Badira inoiz kita-tzen ez diren zorrak. Mila esker eta bat gehiago denoi. Bihotzez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad