Beti da Ostiral Santu

Heriotza bazetorkiola sumatuta, ohea jiratzea eskatu zuen, ohetik Txindoki ikusteko modua izan zezan

Jueves, 6 de abril 2023, 07:32

Gaztetxotan irakurri nuen 'Siempre es Viernes Santo', José Luis Martín Descalzoren liburua. Oraindik gogoan ditut pasarte bat edo beste, gero eta lausoago bada ere. Baina ... zaila da hasierakoa ahaztea. Nola idazlea umetan, 1937an, zazpi urte zituela, amarekin joan zen Ostiral Santuko prozesiora. Eta nola, etxerakoan, anbulantzia batek hartu zien aurrea, eta handik jaitsi zuten Manolo, anaia, frontean hila, aurpegia odoletan, erabat desitxuratua.

Publicidad

Eta nola gauean, ametsetan, mutikoaren irudimenean, bat egin zuten anaiaren aurpegi odolduak eta ordu batzuk lehentxeago prozesioan ikusitako haiek.... Hogeita bost urte geroago idatzi zuen liburua, beste hainbat heriotzaren kontakizunak ere bilduz. Handik gutxira irakurri nuen. Orduan hasi nintzen bestela ikusten bai Aste Santua eta bai heriotza ere.

Aurkitu berria dut hasierako pasarte hura Internetez. Irakurrita, Markos artzain gaztearen heriotza etorri zait gogora. Eta, aldi berean, haren aitarena. Biak batera daramatzat gogoan. Beti baita Ostiral Santu.

Zaldibian jaio zen Joxe Antonio, eta umetatik izan zen artzain, Zaldibian bertan; eta gero gaztetan, Lazkaomendin. Hemen ezkondu eta, hiru seme-alaba zituztela, Itsasondora joan ziren senar-emazteak bizitzera, kasko baten gainean zaharberritutako baserri batera. Txindokira begira zegoen baserria, eta mendia logelatik ikusten zuela antolatu zuen Joxe Antoniok.

Publicidad

Zenbat amets artzain hark Txindokira eta Aralar aldera begira, umetako eta gaztetako artalde haiek gogoan, eta Markos izeneko semeak ere ardiekin esku aparta zuela ikustean! Guztira, hamabi seme-alaba hazi zituzten.

Baina gerra etorri zen. Gerra aurreratuta zegoela joan zen frontera seme artzaina, hemezortzi urterekin. Handik bost hilabetera –1939ko urtarrilaren 12an– iritsi zen berri gaiztoa baserrira: Markos hila zela, urruti, Lleidan, Tremp izeneko herri batean, kanoikada baten ondorioz, buruan zaurituta.

Publicidad

Aita Joxe Antonio ez zen gehiago lehengoa izan. Seme artzaina hilda, artaldea saltzea erabaki zuen. Eskerrak bazuen baserrian zein eta zeinek gozatua. Halako familia osatu zuen, eta halako familiak osatu zituzten pixkana-pixkana seme-alabek ere.

Azkenean, heriotzaren ordua bazetorkiola sumatu zuenean, logelako ohea jiratzea eskatu zuen Joxe Antoniok, ohetik Txindoki ikusteko modua izan zezan. Hala eman zuen azken arnasa artzain ameslari hark.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad