Pedagogiarik ez, mesedez

BAI HORIXE ·

Gobernatzen gaituztenei ez diet pedagogia eskatzen, ez naiz haien ikasle

Lunes, 12 de diciembre 2022, 07:11

Maistrak izan ziren nire haurtzaroko maisuak eta, gainera, mojak. Lehenengo eskolakoek gaur bertan Teheraneko kaleetan lasai asko ibiltzeko moduko zapia zeramaten buruan eta bertako poliziarik sutsuenak txalotuko lituzkeen arropak soinean. Bigarren eskolakoek tramankulu zuri bat zeramaten buruan, zuria eta hegalduna, almidoiz gogortua, buruan etengabe uso bat baleramate bezala. Hortik aparte, maisutzat har genitzakeen gizonak dotrina irakasten ziguten fraideak izan ziren.

Publicidad

Hortik kanpo, zoritxarrez, maisu-maistra gutxi izan dut. Niretzat bidezidorrak errepide bihurtu zituzten eta dituzten gehienek ez zekiten eta ez dakite niretzat irakasle direnekin, ez naute ezagutu ere egin. Handik eta hemendik ikasi dut, batez ere liburutan eta ikasten jarraitu nahi dut, baina, oro har, nahiago ereduak maisuak baino.

Agian horregatik ez dut ulertzen zergatik eskatzen zaien agintariei maisuarena egitea. Pedagogia falta izan zaio gobernu honi edo besteari, buruzagi honi edo besteari, entzun eta irakurtzen dugu. Sarritan ateratzen da norbait politikariei pedagogia eskatzen. Horren premia omen dugu herritar gaixook.

Hiztegiaren arabera, nola irakatsi irakasten duen zientzia da pedagogia. Nik gobernatzen gaituztenei gardentasuna eskatzen diet, ardura, azalpenak, are zintzotasun izpi bat, ez dezatela beraien alderdiaren interesa agintari dituen komunitatearen interesaren gainetik ipini, agian ez dezatela beti pentsa beraien ideiak beti ehuneko ehun zuzenak direnik, besteenak beti txarrak diren bitartean, errespeta dezatela herritarron adimena, ez gaitzatela haurtzat hartu eta, ahal balitz, apalak izan daitezela, ez ahobero.

Ez diet eskatzen lanean azala utz dezatela, ez ditut larruazalik gabeko agintariak nahi, nahiago hamaika aldiz bizitza orekatu xamarra duten agintariak. Ez diet santutasuna eskatzen, ezta lanpostu bat ere, jakin badakidalako lanpostuak eta kontratuak etxekoentzat direla.

Publicidad

Ez diet inondik ere pedagogiarik eska-tzen, hain zuzen, ez naizelako haien ikasle, beraiek bezain herritar naizelako, bere buruaren jabe izan nahi duen herritarra. Politika hau edo bestea egiteko aukeratzen ditugu ez maisuarena edo maistrarena egiteko.

Azalpenak nahi ditut, hori bai, esplikazioak, hartzen dituzten erabakien zergatiak, helburuak, aitor dezatela noizean behin okertu egin direla, borondaterik hoberenarekin ere erabaki oker hau edo hura hartu zutela.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad