Gogoan dut nola joaten ginen txikitan, amaren eskutik, Itziarreko bidea gauez eta errezatuz egiten zuten Donostiako lehengusuei agur esatera. Milaka ziren ilunabar haietan biltzen ziren gizon eta gazteak, batzuk makila eskuan. Amak kontatzen zigun batzuk ez zirela helmugara iritsiko, bidea luze eta aldapatsua zelako eta gauza bat delako nahia eta bestea ahalmena. Epikoa zirudien asmoa, gutxienez amaren hitzetan eta gero, itzulitakoan, baita lehengusuen hitzetan ere. Nola sufritu zuten, zer nolako babak atera zitzaizkien oinetan. Berrogei kilometro baino gehiago, gurutze handi baten atzetik.
Publicidad
Agian lehengusuek inbidia ematen zidatelako galdetu nuen zergatik ezin genuen neskok hain eginkizun sainduan esku hartu. Algaraka erantzun zidaten lehengusuek eta amak ez zuen hitz aproposik aurkitu. Ez bada Arantzazuko igoera aipatzeko. Hura bai, hura emakumeontzat zen eta egunez egiten zen, arriskutsua omen zelako milaka emakume gizonik gabe gauez ibiltzea.
Ez nuen ulertu. Milaka emakume otoizlari ez zen, bada, bere burua defenditzeko gauza, balizko gizon erasotzaile mordoxka baten aurrean, ezta jainkoaren laguntzaz ere? Orain ulertzen dut haurren galdera batzuk erantzunezinak direla, batez ere bat-batean, gurasoentzat eta ulertzen dut erantzun aproposa bururatzen ez zaizunean, 'ez dakit' eran- tzun beharrean gorrarena egitea dela salbabiderik errazenetako bat. Askotan bezala, galdera gehiegi egiten nuela esan zidan amak.
Noski, debeku hura ez zen emakumeok eta neskok bizkarrean generaman bakarra, ezta larriena edo nabarmenena ere, baina aurten gaueko ibilbide hori berriz egingo dela irakurri dudanean burura etorri zait haurtzaro urrun hartan gertatutakoa, nola makurtzen ginen inguratzen gintuzten debekuen aurrean, nola onartzen genuen gauzak horrela zirela eta kito. Emakumeok espaloian, gizonak txalotzen, gizonak bultzatzen. Haiek egin, guk egiten zutena miretsi, ahuldadetik eta mirespenetik.
Hori da, besteak beste, garai hartan paradisuren bat kokatzen dutenek gogoan ez dutena. Eliza katolikoaren botere inbaditzailea, idatzi gabeko legeen eragin eztabaidaezina. Eta hori ez nintzela harritu lehengusuak erdaraz errezatzen eta kantatzen entzuterakoan. Nola, bada, guretzat ere gaztelania bazen elizaren hizkuntza, kanturen bat salbu. Erdaraz aitortzen genizkion gure bekatuak apaiz euskaldunari, erdaraz errezatzen genuen eta, sarritan, latinez.
Publicidad
Gauzak horrela zirelako.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión