Iruntzietara

Hesiak zeharkatzeko indarra duten ahotsak

Lekukotasuna. Datu hotzek gainditzen ez dituzten mugak hausteko gaitasuna dute testigantzek, errealitateak erakutsi eta kontzientziak astintzekoa. Tartea eskaintzea eta, batez ere, entzutea dagokigu besteoi

Domingo, 30 de noviembre 2025, 00:01

Biktimak entzutea derrigorrezkoa da, hitz eginaraztea ez

Urtero moduan azaroaren 25a baliatu dugu denok emakumeen aurkako bortizkeria lehen planora ekartzeko –errealitateak behin eta berriro erakusten digu, tamalez, eguneroko gaitza dela– eta oso kezkagarriak, beldurgarriak bezain onartezinak, diren datu andana plazaratzeko. Sarriegi ahaztu egiten dugu, ordea, datu horien atzean izen-abizenak daudela, eta istorio zehatzak ezagutu ezean, zifrak etorri bezain azkar ihes egiten dute gure oroimenetik. Horregatik hain da garrantzitsua biktimen ahotsari bozgorailua eskaintzea. Azaroaren 25aren bueltan Zegaman omenaldia egin diote txikia zenean jasandako abusuak egunkari honen bidez ezagutzera emateko pauso ausart, arduratsu eta eskuzabala eman duen Olatz Telleria Gotor bizilagunari. Izan ere, bere hitzek sekulako oihartzuna izan dute eta etxe askotan gaia hizpide izateko balio izateaz gain, halako esperientzia bat isilean gorde duten zenbaiti zama arintzen hasteko bidea ere eman diote... Horregatik guztiagatik eskerrak baino ezin dizkiegu eman Olatzi, Itzar Loinazi (aitak 2011n Donostian hildako 13 urteko Julenen ama) eta euren esperientzia gogorrak ezagutzera emateko erabakia hartzen duen guztiei. Alabaina, ez litzateke bidezkoa izango biolentzia honen aurkako borrokan eurengan, biktimen gain, gehiegizko ardura jartzea. Izan ere, guri dagokigu, gizarte bezala (eta gure ordezkari diren erakundeei), bortizkeria hori guztia prebenitzeko eta ekiditeko, eta hala posible izan ez denean biktimei erabateko babesa eskaintzeko sarea eraikitzea. Eta hor, tamalez, asko dugu oraindik egiteko; are gehiago, zenbait esparrutan –emakumeen aurkako bortizkeria identifikatzeko garaian esaterako– atzera ere egiten ari gara.

Publicidad

Sarraskiak eta haien ondorioak oroitzea beti da zilegi

Gernikan bestelako biktimak izan dituzte gogoan asteon. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea bertan izan da, 1937an naziek buruturiko bonbardaketan hildakoak oroitzeko. Ez gara halako barkamen-keinuen egokitasunean sartuko (batzuek eskertuko dute, beste batzuek nahiago izango dute justizia barkamena baino), baina memoria ariketa bat egiteko balio dutela ezin ukatu. Sarraski hura zuzenean bizi izan zuten biktima gutxi geratzen dira, baina horien testigantzak entzuteak gertatutakoaren benetako dimentsioa ulertzeko bidea ematen digu. Eta ez ahazteko. Urte askoan isilik egon diren ahotsak behin eta berriro entzutea egokia bezain derrigorrezkoa da.

Amak pateran bizitza hobe baterantz eraman zuen golegilea

Edna Idame hiru hilabeterekin iritsi zen Espainiara. Marokon jaio zen, anaiarekin batera, hantxe egokitu baitzitzaion amari erditzea, Nigeriatik haurdun alde egin ostean. Patera batean iritsi ziren hiruak Algecirasera «etorkizun hobe baten bila», Ednaren amak –beste milaka etorkinek bezalaxe –errepikatu izan duen moduan. Egun 25 urte ditu, Realaren ibilbide bikainaren erantzule nagusietakoa da, eta Nations Leagueko finala jokatzeko deia jaso du Espainiako Futbol Federaziotik. «Amari zor diot dena. Borrokalaria da. Dena eman du niregatik eta anaiarengatik. Nire golak berari eskainiak dira». Horrenbeste deabrutzen den immigrazioaren atzean halako milaka istorio daudelako.

Emakumeak bizi izan eta kontatutakoak ez ahazteko konpromisoa

Ez ditu izen-abizenak aipatzen, ez diegu aurpegirik jartzen, baina Uxue Alberdik 'Esne-berriketan' lanean jaso dituen istorioek ez dute gutxiespenik merezi, «ahotsez eta mugimenduz beteriko paisaia» eskaintzen baitigute, Elkar-ek laburbildu duen moduan. Bi urtez Euskal Herriko hainbat emakumeren bizipenak jaso eta horietako 57ren 77 argitaratu ditu Alberdik. «Emakumeen ahotik eta bihotzetik jasotako esperientziak, orain gutxi arte letretan leku gehiegirik izan ez dutenak», Antxiñe Mendizabal editoreak aurkezpenean azpimarratu zuen moduan. Eta horrexegatik bakarrik bada ere, bidezkoa da bizipen horiei jabeen oroitzapenen muga gainditzeko aukera eskaintzea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad