Lehorraldi garaian

Bai horixe ·

Arimaren eta espirituaren lehorraldiaz ari zen Loiolako Ignazio, psikologo fin baten zuhurtziaz

Jueves, 28 de julio 2022, 07:20

Telefono-dei hark erabat ustekabean harrapatu ninduen, duela hemeretzi urte, 2003ko ekainaren 24an. Ezaguna egin zitzaidan ahotsa, nahiz eta lehen aldiz aditzen nuen telefonoz: «San Ignazioren 'Gogojardunak' itzuli ditut. Egingo didazu hitzaurrea?». Zur eta lur geratu nintzen. Patxi Altuna zen. Baina hura ez zen betiko Patxi.

Publicidad

Nik hitzaurrea egin, ez dut inoiz obra hori irakurri eta? Esaldi bakarra ezagutzen nuen, Xabier Arzalluzek noizbait esan eta geroztik askok errepikatua: «En tiempo de tribulación, no hacer mudanza». Baina ez nintzen ausartu Patxiri ezetz esatera. Hain sumatu nuen ahul.

Biharamunean, berriro Patxi telefonoz: ea arratsaldean etxean nintzen. Baietz. Eta eskuko maletatxo batekin azaldu zitzaidan. 'Gogojardunak' eskura emanda, zer esango eta: nahi nuena egiteko. Edozein aldaketa edo zuzenketa eginda ere, ondo egina egongo zela. Nire esku uzten zuela lana.

Mutututa utzi ninduen. Hitzaurrea ez ezik, nire esku edizio-lan guztia? Patxik beste baten esku utzi horrela, besterik gabe, bere lana? Azkar konturatu nintzen zer geratzen zen, hizketan baldar eta ohiko kontuak gogoratu ezinik sumatu nuenean. Ez. Hura ez zen betiko Patxi. Burua galtzen hasia zegoen. Jota gelditu nintzen, lan hura guztia neure eskuetan nuela.

Abuztu osoan aritu nintzen lana bideratzen. Tarteka, mezuren bat bidaltzen nion Patxiri posta elektronikoz, kontsultaren bat eginez. Gero eta laburrago erantzuten zidan. Aurka genuen denbora. Gainera, arnasa buelta ematen hasi orduko, zer jakingo eta 'Klasikoak' bildumarako zirela itzulpena eta hitzaurrea.

Publicidad

Abenduaren hasieran prest zegoen inprentarako. Ezkerraldeko orrialdean, San Ignazioren jatorrizkoa joango zen; eskuinekoan, Patxiren itzulpena. Hurrengo maiatzaren 26an aurkeztu genuen, Deustuan, Patxi ere bertan zela, baina bere burua ez.

Gaur, liburua hartu eta zuzenean jo dut Xabier Arzalluzek ospetsu egindako esaldira. Honela idatzi zuen Ignaziok: «En tiempo de desolación nunca hacer mudanza». Patxik itzuli: «Lehorraldi garaian aldakuntzarik ez egin». Xabierrek, itzuli ez baina, politikaren eremura moldatu zuen.

Publicidad

Jatorrizkoan, ederra da pasarte osoa. Arimaren eta espirituaren lehorraldiaz ari zen Ignazio, psikologo fin baten zuhurtziaz. Alegia, ez dugula erabakirik hartu behar, animoz abailduta gaudenean. Gizon argien hitzek ez dute gaurkotasunik galtzen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad