Lehen liburu hura

Bai horixe ·

Bera izan zen gerraondoan ateratako lehen euskal liburuetakoa. Baimenak lortzen lanak eta komeriak!

Jueves, 2 de febrero 2023, 07:12

Aita dut gogoan, logelan zutik, ohetik pare bat metrotara, liburuxka hura eskuetan zuela. Arratsaldeetan etortzen zen, lanetik ateratakoan, pasadizoren bat irakurtzera. Irakurri, barre puska bat egin, eta airean ezkutatzen zen hura ere. Logelara sartu-atera besterik ez zuten egiten denek. Eta hotza eta elurra aipatu. Eta eskuak igurtziz sukaldera ezkutatu, bero bila.

Publicidad

Beldurgarria izan omen zen 1956ko otsaila hura. Hilabete osoa elurraren eta hotzaren mende. Jendea beldurrak, kalera irteteko ere. Nik ohean igaro nuen gorniarekin. Niretzat, lehen liburuarena da 1956ko otsaila. Lehen liburuarena eta zapaburuak zituen ardoarena. Aitak irakurritako pasarteen artean, horixe gelditu zitzaidan gogoan betiko. Bost urte eta erdi nituen.

Gaur, eskuetan dut liburuxka. Gurasoak hil zirenean, niretzat jaso nuen. Txikia da, 103 orrialde ditu, eta 64 pasarte labur. Idazlea, Gregorio Muxika. Izenburua, 'Pernando Amezketaŕa' (erre kakotxarekin). Argitaletxea, Itxaropena, Zarautz. Tarteka, hartu eta begiratu bat ematen diot, 61. pasartetik hasita, gehienetan. 'Txalburudun ardoa' du izena. Eta aitaren barrea etortzen zait gogora, eta 1956ko otsaila, ohean gorniaz igaro nuena, arratsaldeetan aita noiz azalduko zain, Fernandoren bihurrikeriez gozatzeko.

Pixkanaka joan naiz liburuxkaren berri jakiten. Bera izan zen gerraondoan ateratako lehen euskal liburuetakoa. Baimenak lortzen lanak eta komeriak!

Esaterako, Patxi Unzurrunzagak –Itxaropena argitaletxearen nagusiak– eta Jose Artetxek 1947ko irailaren 9an lortu zuten baimena edo. Zarauzko Euskal Jai egunean harrapatu zuten Pedro Rocamora, Francoren hirugarren gobernuko Director General de Propaganda. Zarautzen pasatzen zuen uda; eta, Madrilera itzuli aurretik, baimena emango ziela agindu arazi zioten. Gau hartantxe eman zuen Paris Irratiak haren berri, ezten eta guzti. Kolaborazionistak izatea leporatu zien Joseri eta Patxiri. Bakean utzi zuten Fernando, badaezpada.

Bederatzi hilabete geroago iritsi zen baimen idatzia. Oraintxe eskuratu dut kopia, Patxiren biloba Pello Unzurrunzagari esker. «Según me informan de la Sección de Inspección de Libros –Censura Sailetik, alegia– con fecha 15 del cte. ha sido autorizada la obra titulada 'Fernando Amezqueturra'». Halaxe dio –Amezqueturra–, 1948ko ekainaren 17ko dataz, Pedro Rocamoraren izenpeaz.

Publicidad

Ez zen edozein 1956ko otsaileko liburu hura!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad