Istorio gutxi izango da Errauskineren istorioa baino ezagunagorik. Ezin konta ahala bertsio ditu, han eta hemen, tokian tokikoak. Aipatuenak, Charles Perrault frantsesak XVII. mendean umeentzat idatzitakoa eta Grimm anaia alemanek XIX. mendean egindakoa. Euskaraz, gogoan dugu Joxe Arratibelen bertsioa, 'Mari-xor', Ataungo Ergoien auzoan umetan ikasi eta heldutan 'Kontu zaarrak' liburuan argitara zuena.
Publicidad
Bertsio literario horiek eguneratuz eta luzatuz ondu dira hainbat film, zinemaren historian; azkenekoa iaz, ingelesez 'Cinderella' izenburuaz; gaztelaniaz 'Cenicienta'.
Izan ere, nahi adina luza daiteke istorioa. Laburtzen hasita, berriz, nekez labur daiteke 117. salmoak baino gehiago. Esaldi bakarrean jasotzen baitu istorioaren muina. Esaldi horren itzulpenetan, biribila da gaztelaniazkoa, ezin hobeto markatuz erritmoa: «la piedra que el cantero desechó es ahora la piedra angular».
'Piedra angular' horretan dago koxka. Euskarara itzultzerakoan, hiru ordain baliatu izan dira: 'kantoi-harri', 'harkantoi' eta 'giltzarri'. Nire gusturako, lehenengoa da argiena. Horixe baita kantoi-harria: eraikin bat egiterakoan, kantoian jartzen den harria, gainerako harriak non eta nola jarri erakusten duena. Interneten bada irudi egokirik.
Eguneroko bizitzan etengabe berritzen ari delako da horren ezaguna Errauskineren istorioa. Azkenekoz, joan den igandean berritu zen, Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan. Hantxe ikusi genuen kantoi-harri bihurtua Unai Laso pilotaria, txapela buruan, duela urtebete enpresak nahi ez zuen harri baztertua.
Nahiko gertutik bizitu dugu denok ere txapeldun berriaren istorioa. Erraz egiten dugu bat baztertua eta zokoratua izan denarekin. Geure-geurea egiten dugu haren abaildura. Eta, harekin bat eginik, urratsez urrats bizi ohi dugu haren jaikitzea ere, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Eta azkenean, traba guztiak gainditzen dituenean, geure buru gainean ere sumatzen dugu hark jantzitako txapela. Amaiera biribilagorik! Istorio ederragorik!
Publicidad
Eta orain, kantoi-harria hor dagoela, dagokion lekuan, asmatuko ahal dute pilotaren munduko harginek ondo jartzen gainerako harriak, kantoi-harriak erakutsitako norabidean, zuzen eta txukun, pilotaren onerako eta pilota maite dugunon gozamenerako.
Zorionak eta eskerrik asko, Unai. Gozatu txapela eta segi kantoia zaintzen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión