Lasai, ez da munstrorik existitzen. Bilatu ohe azpian edo armairu barruan, aspaldian jantzi gabeko galtzen poltsikoetan edo sukaldeko arraska azpiko txoko helezin horretan. Aurkituko dituzu hauts-bolak eta itzal-bolak, muki-bolak eta hondar-bolak. Baina lasai, hautsa hauts da eta mukia muki. Nazka emango du, edo beldurra. Baina lasai, ez da munstrorik existitzen. Hala pentsatu, hausnartu eta idatzi zuen Hannah Arendt pentsalariak, filosofiaren mami-muinetan hazkaka aritu zenak. Zer den hazkaka aritu eta hazkura eragitea. Ba horixe, pentsatu, hausnartu eta eragitea. Ezinegona. Pentsagune gehiago existituko balira... Tira, barka, pentsaguneak existituko balira... Akaso, agian beste oilar batek joko liguke kukurruku. Edo zergatik ez, oilar berak beste modu batera joko luke kukurruku, edo aizu, nahi duen hura. Eta guri edo nahi duenari.
Publicidad
Hannah Arendt XX. mendeak eman zuen pentsalari politiko garrantzitsuenetako bat izan zen. Totalitarismoaren eta holokaustoaren inguruan hausnartu zuen. Hausnartu zuen zerk bultzatzen duen gizaki normala, arrunta, edonor alegia, ankerkeriak, basakeriak egitera. Sekula eta inon egin beharko ez liratekeenak egitera. Gaizkiaren hutsaltasuna, banalizazioa aztertu eta teorizatu zuen. Hannah judutarra zen, Alemaniatik eta Frantziako kontzentrazio-eremu batetik egin behar izan zuen ihes. 1961eko udaberrian, Adolf Eichmann, Israelen, epailearen aurrean eseri zutenean, hantxe zen Hannah berriemaile gisa prozesua jarraitzen. Orduan sortu zuen 'Gaizkiaren hutsaltasuna', pentsamenduaren historian ezinbestekoa. Itxuraz pertsona arrunta edo normala den edonor da gai gaizkia bere dimentsiorik handienean eragiteko. Hori azpimarratu zuen. Eta zergatik errudunak ez duen bere burua erruduntzat jotzen maila indibidualean. Adolf Eichmannek, holokaustoaren arkitektoak, milioika pertsonaren hilketa eta sufrimendua eragin eta onartu zuenak, ez zuen bere burua izugarrikeria haren errudun eta arduraduntzat. Katebegi bat zen. Bere egitekoa egin omen zuen. Pentsatu gabe. Ondorioetan. Egin eta egin. Eragiten ari zela ohartu gabe. Banakoaren arduretan jarri zuen arreta Hannahk, eta mundua astindu zuen. Izan ere, plist-plast, errazagoa baita kolektiboaren izenean eskuak garbitzea. Jakin badakigulako taldea denok garela eta inor ez.
Hau guztia kontatu nahi nizuen hau guztia hausnartzen pasa dudalako astea eta zu e(ra)karri nahi zintudalako pentsaldira. Gauean, argia itzali aurretik, begiratu ohe azpian. Eta bildu zurera hauts arteko pentsamenduak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión