Udako egunak, negukoak bezalaxe, hogeita lau ordu izaten ditu. Gaueko loari goizekoak egiten dio hozka batean zein bestean. Oheratuko gara lehenago edo geroago, argiak ezkerreko masailean edo eskuinekoan egingo digu atximur, baina jaikitzeko oheratzen gara neguko nahiz udako gauetan. Denbora denbora da eta tik eta tak egiten du aurrera, beti erritmo berean. Irudipenak irudipen dira. Ziztuan egiten du batzuetan ezetz harrapatu. Aharrausika nagitzen zaigu beste batzuetan. Denbora. Ahal banu kopetan itsatsi eta nirekin eramango nuke noan tokira noala. Denbora, ordea, ez ote genukeen presenteago izan behar goazenean baino gaudenean...
Publicidad
Denboraz hausnarrean nabilen honetan, eta denbora hausnarrean darabildan honetan, lehen hezkuntzan (derrigorrezko bigarren hezkuntzan ere esango nuke baietz), arratsaldeko 16:22tik aurrera, egunero ez bazen askotan errepikatzen zen irudi bati tiraka ari natzaio. Momentuan, noski, iji eta aja, egoerak ez zidan arretarik ematen, urte askoan hor nonbait izoztua izan dut, eta egunotan plisti eta plasta urtu zait oroitzapen tanta. Eta hor doa bekokian behera negar-malko edo irri-malko, bere destinoa zer eta zein den erabaki ezinda. Bai... nori bururatzen zaio udan hezkuntza gaitzat hartzea zutabe bati tira eta bultza egiteko. Hain zuzen ere, opor garaiak behar luke, bereziki eta arretaz, hezkun- tzaz pentsatu, mintzatu, eztabaidatu eta gaineratikoak egiteko.
Hartu iruditzat zazpi eta hamasei urte bitarteko haurrak dituen edozein ikasgela. Eta irudikatu rin-rin-rin txirrinik gabeko oihartzun batek ikasgelako kide guztiak, motxilak bizkarrean, binaka, firme jarri dituela ilaran, irteerako atearen ondoan, arratsaldeko 16:22an. Bukatu da klasea, bukatu da eguna, bukatu da dena. Zortzi minutu ditu denborak zutik, tente, binaka, atearen aurrean. Zor- tzi bider bost berrogei bider lau ehun eta hirurogei bider bederatzi asko. Atzeman ez daitekeen aldi galduaz baino ikasgelako atearen parean zortzi minutuz egunero ez dakit zeren zain tente, binaka, motxilak bizkarrean, denbora zenbatzen genuen (ai, eta duten) ardi galduez ari naiz. Ikasturte amaieran sekula ez ginen geometriara iristen eta sinesten genuen denbora zela galtzen genuena. Eta ez. Beste zerbait da galdu izan duguna eta galtzen jarraitzen dutena. Aste honetan bertan entzun ditut haur batzuk eskola umeen kartzela dela esaka. Hurrengo batean egingo diot horri tira.
Nonbait, bizitza (eta tamalez hezkun- tza) denboraz larri ibiltzea da eta aldi berean denbora nola bete ez jakitea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión