Egin kontu

GAL

Mugitzen denak mugimendua eragiten du, eta hori beti da eskertzekoa geure buruak posizio estankoetara ohitu ditugun herrian

Uretara bota zituzten armak. Errobira. Jose Mari Etxaniz, Iñaxio Astiasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide hil ondoren. Bosgarren bat ere zauritu zuten. Tiroka hil zituzten Baionako Monbar Hoteleko kafetegian. Bi mertzenariok. Pierre Frugolik eta Lucien Matteik. GALen izenean. GALen agindupean. Uretara bota zituzten armak. Itsasoak su hartu zezan edo. Baina ez su eta ez gar. Berrogei urtean kerik ez da hauspotu. Txingarrik ere ez da gorritu. Urak gain hartu dio minari eta sufrimenduari. Itsasoa isiltasun handi bat izan ohi da olatuen zurrumurrua itoarazten bada. 1985eko irailaren 25ean, Baiona Ttipiko kaleetan ihesa korapilatu eta uretara bota zituzten armak. Berrogei urte. Isiltasuna nola ez den herdoiltzen.

Publicidad

Irailaren 29an, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, «Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik» erakusketa inauguratu zuen Gogora Institutuak atentatu hark eragindako biktimen senitartekoak, GALen biktimak, ETAren biktimak, elkarteak eta ordezkaritza politiko zabala bertan zirela. Ekitaldian María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu eta PSE-EEko kideak barkamena eskatu zien Monbar Hoteleko biktimen familiei. Eta ez hori bakarrik, gogor luzatu zuen hatz erakuslea luzatu behar zuen norabidean, sekula gauzatu behar ez ziren hilketa bidegabe haien ardura estatuaren bitartekoak erabili zituzten kargu politikoena izan baitzen. Balio handiko momentua izan zen, aspaldidanik, biktimek bai, baina baita gizarteak ere, eskatutakoa, eta nago ez ote duen merezi baino oihartzun gutxiago izan kalean. Mugitzen denak mugimendua eragiten du, eta hori beti da eskertzekoa geure buruak posizio estankoetara ohitu ditugun herrian.

Herenegun jendetza elkartu zen berriro. Ernest Lluch Kultur Etxean bertan, Gogorak mahai-ingurua antolatu zuen gaiaren inguruan, GALen kontuak harilkatzen hasi eta bizikidetzaren aldeko pausoak trazatzeko. Jeronimo Rios, Ainara Esteran eta Jon Mirena Landa aritu ziren solasean Maitena Salinasek mahaigaineratutako gai-ertzen bueltan. Hiru hizlariek askatasun eta zehaztasun eta argitasun handiz jardun zutela entzun nien bertaratutako batzuei eta besteei bukaeran. Eta bai, hori 2025ean, Euskal Herrian, azpimarratu, baloratu eta oihartzun egitekoa da. Hitzen jardunean askatasunez aritzea. Horretarako baldintzak eman daitezen aurretik lan egitea. Uretara bota zituzten armak 1985ean. Eta bada denona behar lukeen itsasoa garbitzen hasteko garaia.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad