Imajinatu udako arrats gozo bat. Giroa bero, haizea irriñoka. Jendea poliki-poliki irrikaz bildu da oholtzaren aurrean. Musika dantzarako prestatzen ari da. Abuztua da eta eskuek beste erritmo batean egiten dute zarta. Txalo artean egin diote ongi etorria ikus-entzuleek Idoiari. Kantuan hasi da. Imajinatu guna ireki bat, zeru urdin ilunkara sabai. Imajinatu lasaitasuna. Goxotasuna. Imajinatu ondoko lagun ezezaguna gorputz erritmo pausatuan bere baitako mugimenduak kulunkatzen ari dela. Imajinatu zuk ere heldu egin diozula dantza isilari, ezkerrera eta eskuinera, ezkerrera eta eskuinera. Gora-gora-gora egin du musika saioak eta bat-batean hortxe atximurra. 25. artikulua. Idoiak Palestina ekarri du hizpidera. Eta kantuan hasi da. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. artikuluak dio: pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku-sorospena eta gizarte-zerbitzuak... (irakurri noizean behin artikuluak, irakurri ahots gora, irakurri zeure baitan, azpimarratu, oheratu berrirakurriz, irakurri eta pentsatu, irakurri ondokoari, saiatu jartzen duena ulertzen, egunero, egunean hirutan, buruz ikasi arte, irakurri eta gero altxa burua, batez ere altxa burua eta begiratu inguruari, irakurri eta jarri ispiluaren aurrean. Irakurri Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala).
Publicidad
25. artikulua. Kantuan hasi da Idoia. Zeinen zaila den etxe bat sortzea esanez hasten da kantu zirraragarria. Zalantzaren lurraldeak aipatzen ditu, paperezko harresiak. Imajinatu kantua entzun bitartean malko batek parrast egin didala masailaren erdian. Bai, malkoek ez dute mundua aldatuko. Baina.
Imajinatu kontzertua bukatu dela eta abuztu osoa pasa dudala kantutik zintzilik. Iritsi da iraila eta ai iraila. Urdin ilunkara koloreko sabaiek ez dute etxe bat sortzeko balio. Iraila iritsi da eta Larssenek etxe bat behar du. Badu soldata bat eta badu diru-sarrera duina. Ez du etxerik aurkitzen. Familia bat du han. Han-han-han. Han urruti. Ume batzuk ditu han aita gosez. Han-han-han. Han urruti. Etxerik ezean, ezin bere ondora bildu. Larssenek etxe bat behar du eta ez esaten diote etxe-jabeek. Iraila da eta autoa ez da etxe bat sortzen hasteko tokirik onena. 25. artikulua. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. Eskerrak Sunnita azaldu den. Hilabete batzuetan etxea utziko dio. Eskerrak Sunnita azaldu den. Ez dugu lotsaren arrastorik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión