Bete betean

BRICS

Hegoafrikan ospatzen ari den bilerak emaitza onak ematen baditu, aldaketa nabarmenak gerta daitezke nazioarte mailan

Miércoles, 23 de agosto 2023, 07:22

Johannesburgen goi-bilera bat ari dira egiten BRICS taldea osatzen duten herrialdeetako buruzagiak. Lankidetza-gune hau 2009an jarri zen martxan. Estatu 'emergenteek', hau da ekonomikoki suspertzen ari ziren herrialde inportanteenek, beren arteko hartu-emanak indartzea erabaki zuten. Brasil, Errusia, India eta Txina elkartu ziren; beranduago Hegoafrika batu zen. Bost herrialde horien ingelesezko izenen akronimoa da, hain zuzen, BRICS. 1973an ahaltsuenak ziren ekonomiek G7 elkargunea sortu zuten, non AEB, Japonia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Kanada eta Italiak parte hartzen duten.

Publicidad

Asko aldatu dira gauzak urte haietatik, eta are gehiago aldatuko dira. Txina erraldoi bihurtu da, eta lehenengo ekonomia izango da urte batzuk barru. Izendatu ditugun Europako herrialdeak krisian daude. Eta geopolitika ez da Gerra Hotzaren garaikoa, eta ez da izango. Nazioarteko politikagintzan eta ekonomian pisu gero eta handiagoa duten potentzia ertain dezente dago. Hori dela-eta, G20 sortu zen. Aldi berean, BRICS taldea handitzeko eta indartzeko bidean da. Hegoafrikako bileraren agenda anbiziotsua da: bost herrialdeen arteko komertzioa eta inbertsioak sendotzea, berrikuntzarako eta garapen jasangarrirako ekimenak abian jartzea, eta abar. Halaber, mintzagai dute mundu mailako gobernantza aldatzea, eta hartu-eman komertzialetan lekuko monetak erabiltzea dolarraren ordez. Baita BRICSen Garapenerako Banku Berria sustatzea ere. Garrantzi handikoa izan daiteke bilera hau. Hegoalde Global kontzeptu geopolitikoan kokatzen diren 67 herrialde (Amerika Latina, Afrika eta Asiakoak) gonbidatuak izan dira. Horietako batzuek taldean egon nahi dute. Saudi Arabia segur aski sartuko da.

Txinak nahiko luke, antza, BRICS G7ren kontrapisu bihurtzea, baina India ez dago horren alde. Modi lehen ministro indiarrak AEBrekin ondo konpondu nahi du, arrazoi ekonomiko, politiko eta militarrengatik (Pakistan eta Txinarekin liskarrak ditu). Hegoafrikak harreman onak ditu Errusiarekin, honek apoio handia eman ziolako han orain gobernatzen duen ANC alderdiari apartheidaren garaian, baina adostu du Putin bilerara ez joatea. Nazioarteko Zigor Auzitegiak buruzagi errusiarra atxilotzeko agindua emana du, Ukrainan egindako krimenengatik epaitua izateko, eta Hegoafrika auzitegi hori sortu zuen hitzarmenaren kide da.

Nolanahi ere, datozen urteetan areagotu egingo da AEB eta Txinaren arteko norgehiagoka. Biden presidentea sendo-tzen ari da Japonia eta Hego Korearekin duen aliantza. Eta EB, noraezean dabil.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad