Inaugurazioen aroa

BAI HORIXE ·

Pentsa daiteke gaur eguneko agintariak kanpaina etengabean bizi direla

Herritar batzuk harrituko dira, beste hainbatek pentsatuko du halabeharrez gertatzen dela, kasualitate hutsa dela. Baina gehienok badakigu zer gertatzen den: tokiko hauteskundeen atarian gaude eta gure agintariak jo-ta-ke ari dira inaugurazioz inaugurazio, berrikuntzak aurkezten, kaleak asfaltatzen, parkeak txukuntzen ...

Publicidad

Agian agintariek benetan uste dute ez garela jabetzen hainbeste jardunaren iturburuaz edo agian pentsatzen dute horrela direla gauzak aspalditik, ia betidanik, herritarrok onartu dugula egoera hori edo gurasook haur edo gaztetxo baten hanka sartzearen edo lainezaren aurrean tarteka ezikusiarena egiten iaioak garenez, berdin jokatuko dugula agintariekin. Berrikuntzei begiratzen diegu, ez inaugurazioen datari. Azkenean berrasfaltatu dute kalea, azkenean helduko zaigu wifi-a etxeraino ....

Auskalo. Nik, behintzat, gobernatzen gaituztenek egiten eta esaten dutena azter dezaket, ez pentsatzen edo sentitzen dutena, emaitza neur dezaket, ez emaitzaren zergatia. Ez dut agintarien buruan sartzeko ahalmenik. Eta ikusten dut inaugurazioen sukarraren menpe gaudela eta azken hamarralditan antzeko zerbait gertatzen dela hauteskundeak hurbil daudenean. Neguan, hotza, udaberria, loreak, hauteskundeak hurbil daudenean, inaugurazioak.

Egia esan, pentsa daiteke gaur eguneko agintari guztiak kanpaina etengabean bizi direla, legealdiaren lehen egunetik azkeneraino, hori dela jokabiderik zabalduena eta benetako kanpaina hasten denean, legeak zehazten duen epea zabaltzen denean, legealdiaren gainerako egunetan izan duten jokaera bera antzezten dutela, agian abiadura bizkortzen dela, besterik ez.

Desberdintasunik nabarmenena benetako kanpainaren aurreko aste edo hilabeteetan nabaritzen da, benetako kanpaina data horietako inaugurazioak dira. Hori bai, arerioari leporatuko diote elektoralismoa, arerioa da tasuna keria bilakatzen duena. Beraiek, agintean nahiz oposizioan egon, beraiek zintzo jokatzen dute, guztion ongizatearen bila. Gainerakoak dira maltzurkerien alde egiten dutenak, botere egarriz jokatzen dutenak.

Publicidad

Ari dira alderdiak, tantaka hasieran, uholdeka ondoren, hautagaiak zehazten, kanpainak prestatzen, entzute prozesuak garatzen, herritarrongana hurbiltzen. Hauteskundeen koloreek tindatuko dute udaberria. Askorentzat, errepikapen aspergarria, arretarik pizten ez duena. Niretzat, berriz, interesgarria, dibertigarria. Nork bere perbertsioak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad