JOSEMARI ALEMÁN AMUNDARAIN

Jauzi ala jausi

Iritsi da euskara etorkizunerantz proiektatuko duen jauzi esanguratsua emateko unea

Imanol Artola Altuna

Miércoles, 3 de diciembre 2025, 01:00

Abenduak hirugarren eguna du gaurkoa, euskaldunon egutegian data seinalatua dena, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) baita. Mendearen hiru laurdenak gaindituak ditu gure hizkuntzaren alde egiteko 1949an Eusko Ikaskuntzak abian jarri zuen ekimenak, eta errealitatearen argazkiari so eginez gero, 76. edizio honetan argi-ilunak ikus daitezke euskararen zerumugan.

Publicidad

Argiguneei erreparatuz, bizirik irautearekin batera, azken hamarkadetako lege eta gizarte mailako aktibazio zein bultzadaren ondorioz, Europako hizkuntzarik zaharrena denaren ezagutzaren inguruko datu objektiboek nabarmen egin dute hobera. Hala, Euskal Herrian egindako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, 16 urtetik gorako euskal herritarren artean 809.000 gara gaur euskal hiztunak; lehen inkesta orain hogeita hamar urte pasatxo egin zenean, ordea, 528.000 inguru ginen; orotara, beraz, hiru hamarkadatan euskaradunon kopuruak 281.000 inguruko hazkundea izan du. Datu honi lotuta azpimarratzekoa da hazkunderik handiena batez ere gazteen artean eman dela, lehen inkestako %22 pasatxotik azken inkestako %58ra pasa baikara. Erabileraren inguruko datuei dagokienez, ikerketaren arabera kopuruak %4 egin du gora.

Ezagutza eta erabilera datuekin batera, euskararen aldeko politikak aplikatzea begi onez ikusten duten iritziak nagusi dira euskal gizartearen gehiengo esanguratsu baten aldetik, eta ikuspegi horrekin bat datoz euskal erakunde publiko askoren ahalegin zein aurrekontu-egiturak, bai eta eremu pribatuko ugarirenak ere.

16 urtetik gorako euskal herritarren artean 809.000 gara gaur euskal hiztunak

Baikortasunerako arrazoi horiek agerian uzten dituen txanponaren alde horrek, ordea, badu bestelakorik adierazten duen ifrentzua. Datu eta aurreikuspen orokorrei erreparatuz gero, gaur egun munduko hizkuntzen datu-iturririk zabalenetakoa eta fidagarrienetakoa duen SIL-Ethnologue nazioarteko erakundearen arabera bi-lau astean behin hizkuntza bat galtzen da ludian; honenbestez, une honetan hitz egiten diren hizkuntzen erdiek, nagusiki euskararen moduan hegemonikoak ez direnak leudekeelarik multzo horretan, erabateko iluntasunean amaituko dute XXII. mende hasierarako, eta ondorioz argi gorriak piztuta daude hizkuntza-komunitate askotan, baita gurean ere. Hala, euskarari dagokionez nazioarteko zein bertako erakunde ofizial ugariren aldetik desagertze digitaleko arriskuan, egoera zaurgarrian edota larrialdi linguistikoan dagoela adierazi da argi eta garbi.

Egoera hauskorrean dago euskara, eta datuak hor daude. Horien erakusgarri da ikerketa aplikatuko elkartea den Siadecok UEMAren eskariz egin eta argitara eman berri duen 'Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa' izeneko ikerlana. Beronen azterketatik ondoriozta daitekeenez, euskal gizartearen egoera linguistikoa diglosikoa da hein handi batean; gaztelania eta frantses indartsu zein prestigiodunak dira nagusi euskararen kaltetan, eta etorkizun hurbilari begirako aurreikuspenek, gainera, sakoneko aldaketak gauzatu ezean arrakala hori areagotu egingo dela diote, nagusiki euskararen biziberritzerako ezinbesteko motorra diren arnasguneek behera egingo dutelako nabarmen.

Publicidad

Kopuruak, zentzu horretan, oso esanguratsuak dira: egiten den euskararen %60, gune trinko horietan egiten da, eta hauen bilakaera etenik gabeko beheranzko norabide bizian da: 1991n 113.734 lagun bizi ziren eremu horietan, 2021ean 82.791, eta 2036ra 7.267 biziko direla aurreikusten da. Euskararen menderatze mailari dagozkion datuak ere ez dira oso lasaigarriak: euskal herritarren %7 besterik ez da euskaraz beste edozein hizkuntzatan baino hobeto moldatzen dena.

Legediari dagokionez, azken boladan eman diren euskararen kontrako epaiek azaleratu dituzten hutsuneez haratago, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako legedi linguistiko desberdinek, eta batez ere euskararen ofizialtasunik ezak, ez diote batere mesederik egin bateratua beharko lukeen hizkuntz politikari. Hala, EAEn Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea 1982az geroztik indarrean izanik 1991tik 2021era euskaldunen kopurua %24,02tik %36,20ra igo den moduan, Nafarroan Euskararen foru legearen eskutik %9,55etik %14,10era pasa da, eta Iparraldean, ez ofiziala izanik, %33,09tik %20,10era egin du behera.

Publicidad

Gauzak horrela, iritsi da luzamendutan ibili gabe denon aldetik Europaren babesean euskararen zazpi lurraldeetan arlo guztietan ahalik eta kontsentsurik zabalenarekin, gure hizkuntza eta izatea defendatu, eguneratu, aberastu, erakargarriago bilakatu eta etorkizunerantz proiektatuko duen jauzi esanguratsua emateko unea. Euskal Herriak eman duen intelektualik handienen artean dagoen Joxe Azurmendik zioen moduan, arrainek nola, euskaldunok ere euskara erdigune duen geure itsasoa behar dugulako bizitzeko.

Jauzi ala jausi; hor dago koska.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad