Dag Hammarskjöld

BAI HORIXE ·

Adorez jokatu zuen, aurpegia –eta azken batean, bizitza– emanez. Agian, horrexegatik zaigu ezezaguna

Jueves, 22 de septiembre 2022, 07:12

Duela 61 urte hil zen Dag Hammarskjöld, 1961eko irailaren 18an, hegazkin-istripuz, Kongora zihoala, Katangako gatazkan bitartekotza egitera. Nazio Batuen Erakundeko Idazkari Orokorra zen, 1953az geroztik. Gatazka larri askori egin behar izan zien aurre, justizia eta bakea helburu, alde batekoen eta bestekoen arteko zubigintza ia ezinezkoan.

Publicidad

Gertatu orduko piztu zuen istripuak susmoa. Hegazkina ez zela halabeharrez erori. Hegazkineko hamasei lagunak hil ziren; tartean, Hammarskjöld. Ehunka morroi ibili ziren hegazkin txikituaren inguruan bonben eta misilen arrastoen bila; alferrik. Horixe izan zen bertsio ofiziala. Denboraz ari dira kontauk argitzen.

Orduan mutil koxkor ginenok hasi berriak ginen egunkarietako argazkiak eta izenburuak miatzen. Betiko gogoan geratu zitzaizkigun Kongo, Katanga, Tshombe eta Lumumba izenak. Geroago jakin dugu zenbat zegoen jokoan Katangako gatazkan, hango urre, uranio eta kobre ugariak tarteko.

Kongok eskuratu berria zuen independentzia (1960), baina norena zen hango aberastasuna: kolonialistena –ordu arte izan zen bezala– ala kongotarrena? Kolonialisten aldekoa zen Tshombe eta Kongotik askatu nahi zuen Katanga; kongotarren alde zegoen Lumumba, Kongo independizatu berriko Lehen Ministroa. Hiru hilabete iraun zuen karguan; 1961ean hil zuten Tshomberen gizonek, Europako eta Hegoafrikako mertzenarioen laguntzaz eta CIAk lanak erraztuta. Hilabete batzuk geroago, gatazka sutan, bakea jartzera zihoan Hammarskjöld. Ez zen iritsi. Lumumba hildako eskuek eraitsi zuten hegazkina. Bakearen Nobel Saria eman zioten Hammarskjöld-i.

Mutil koxkorretako oroimenean ez daukat haren izenik eta argazkirik. Ohiko entziklopediek –paperezkoek– apenas eskaintzen dioten lekurik. Internetez aurki daiteke taxuzko argibiderik. Suedian jaioa 1905ean, funtzionario-lanek eraman zuten NBEko Idazkari Nagusi izateraino. Hura hobeto ezagutzeko, ezinbestekoa dugu berak utzitako idatzi bat. Pusketaka ari naiz eskuratzen. Egunkari modukoa da, urte askoan osatua, bere barne-bizitzaren argi-ilunekin borrokan, bizitzaren zentzuaz galdezka. 'Markings' du jatorrizko izenburua; 'Marcas en el camino' itzuli zuten gaztelaniaz.

Publicidad

Azken batean, pieza bateko gizon baten aurrean gaude. Eginbeharrari zintzo lotu zitzaion, kosta ahala kosta. Adorez jokatu zuen, aurpegia –eta bizitza– emanez. Agian, horrexegatik zaigu ezezaguna.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad