Atzeratu egin da gaur Eñaut. Puntu-puntuan iritsi ohi da eguneroko hitzordura zintzo demonio, adostutako ordua baino lehenago gehienetan, eta horregatik egin zaigu arraro. Halako batean, han azaldu da, kopetilun, berandu zebilela jakitun. Ez agurrik, ez kortesia-esapiderik. Zuzenean susmoak uxatu nahi izan ditu: «Zer ordu da?», galdetu dit kezka ezkutatu gabe. «Eta zazpi», erantzun diot tonu lasaigarrian. Eta hark orduan: «Ez dute kanpaiak jo!». Lilura eragin dit mutikoaren dedukzio anakronikoak. Garaiotan gailu adimendun horietako batean oinarritu beharrean, kanpandorrea ardatz izatea zirraragarria iruditu zait.
Publicidad
Daukanarekin pozik bizi da Eñaut, soberarik sekula ezagutu ez duen arren. Zailtasunean, larre motzean hezitakoa, ondo barneratua du zorteduna dela; alegia, bera baino dezente okerrago bizi direnak asko eta asko direla. Gelan bertan nabari du azkenaldian, ikasle zaurgarrien kopuruak nabarmen gora egin baitu. Esango nuke smartwatch, iPhone, Instagram, TikTok eta horiek guztiak dituztenak baino kontzienteago dela urrutira jo gabe dagoen miseriaz. Behin gure etxean «paradisuan nago!» esan zuen.
Kontrakoa adierazi du Realeko jokalari batek. «Infernuan egon naiz», esan du, esan badu, mikrofono aurrean futbolak berez bermatua duen prime time delakoan. Mundua kanpandorre garaietatik ikustera ohitua, Porsche batean doa «lanera» eta ez zaio zaintzarik falta. Horrek guztiak hitzak neurtzeko ardurapean jarri beharko luke, baina... Gauza bakoitzari dagokion izena jartzea zaila da, nonbait (Ikastolek ere ez omen dute itunpeko sarea izan nahi).
Kontuak kontu, gure Eñaut XXI. mendeko Pernando Amezketarra izan daiteke bertsotan pixka bat saiatuz gero. Gaurko egunez jaio zen 1764 urtean ateraldi umoretsuengatik ezaguna egin zen plazagizona. Pobrea baina alaia. Sekula bere burua infernutik gertu kokatu ez zuena, gorriak ikusi arren. Hona haren ale bat: «Ondo agirian dago errenta nerea/kantuz ez det nik sartzen poltsara urrea/ez da errotan ere karga laborea;/agirian dago, bada, naizela pobrea./Gauza gutxi daukat nik etxean gordea .../detanarekin pasa eiten naiz ordea». Pentsamolde horrekin kanpandorretik gora, zeruraino. Utz dezagun «infernua» bakean, ironia erabiltzen ere jakin egin behar baita, Pernandoren moduan: «Mundu onetan gauzik onena amoriyua ta pakia/beste guziyak kanbiatuta zugana nator, andria», esan zion emazteari. Baita bueltan jaso ere: «Dudarik gahe zu izango zera jamelu onen jabia/zortzi egun ontan nun izan zera, pikaro buru-gabia?». Nahi duena esaten duenak nahi ez duena entzuten baitu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión