Etxekoandre hutsak

Bai horixe ·

Desagertzen ari dira, gure artean ere bai, etxekoandre hutsak

Aspalditik dakigu etengabe ari direla lanbide berriak sortzen eta, era berean, ofizio zahar ugari desagertzen. Lanbide ugari dago gaur egun desagertzeko zorian. Laster iraganeko oroitzapen izango dira duela gutxi (edo ez hain gutxi) arruntak ziren ogibideak edo, gehienez jota, harribitxiak izango dira, salbuespenak.

Publicidad

Desagertu ziren aspaldian emakumeon galtzerdiak konpontzen zituzten emakumeak, gure etxe pareko Lutxik bezala begiak itsutzeraino galtzerdien 'karrerak' konpontzen xahutzen zituztenak. Desagertu ziren gure aitonetako batek bezala karroak egiten zituzten gizonak. Desagertu ziren kalez kale izotz puskak saltzen zituztenak, desagertu ziren aspaldian kaleargiak banan bana pizten zituztenak.

Era berean, desagertuko dira laster etxekoandre hutsak. Ez dira betikoak, baina betikotzat ditugu, betikotasun horrek gehienez jota ere hamarraldi gutxi duen arren. Beti izan ditugu gure artean etxekoandre izateaz gain saltzaile, saregile, erizain, baserritar, zigarrogile, tabernari, jostun izan diren emakumeak, etxeko lanaz arduratzeaz gain etxera soldataren bat eramaten zutenak.

Gure familian, adibidez, ez da etxekoandre hutsik izan gutxienez azken mende eta erdian. Bi amonek egiten zuten lan, nork bere gizonaren lantegian eta birramonak baserritarrak ziren. Amak denda batean egin zuen lan, hasieran saltzaile gisa, ondoren kutxazain, jubilatu zen arte. Hori bai, txikitan gurea zen inguruan etxetik kanpo lan egiten zuen ama bakarra, besteen etxeak garbitzen ordu batzuk ematen zituzten emakumeekin batera eta salbuespen hori ez zen, epe batez, eramangarri izan.

Desagertzen ari dira etxekoandre huts diren emakumeak eta ez dira feminismoak jota desagertuko, ekonomiak jota baizik. Batetik, emakume gazte askok ez du etxekoandre huts izan nahi eta, bestetik, diru sarrera bakarrak nekez berma dezakeelako familia batek biziraupenerako behar duena. Gainera, mende erdian izugarri erraztu da etxe bat eramateko behar den lana, teknologiari esker.

Publicidad

Gizartearen goiko klaseetan besterik gertatuko da, dudarik gabe. Baina ez da hori gehiengoari gertatuko zaiona. Zalantzarik gabe. Beste kontu bat da desagerpen hori aurrerabide ala atzerabide iruditzen zaigun. Elkar zaintzea zibilizazioaren seinale da. Horrela egin du aurrera gizadiak, zaintzari esker. Heldu da zaintza hori guztion artean banatzeko ordua, ez dadin soilik emakumeon eskutan gelditu. Nik zu, zuk ni, gizon nahiz emakume.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad