Etsipenaren kontra

Bai horixe ·

Utzi garrantzizko kontuak gure eskutan, zu, lasai, zu, zeurera

Primeran ulertzen ditut esparru publikoan eragiteari uko egiten diotenak, zerumuga bere burura mugatzen dutenak, hor konpon gizartea, ni neurera, bestelako ahaleginak alferrikakoak direlakoan. Primeran ulertzen ditut alderdi politiko askoren ustelkeria edo adiskidekeria berezkoak direla pentsatzen dutenak, konponezinak. Primeran ulertzen ditut bankuen eta aurrezki kutxen nagusikeriari amore ematen diotenak. Primeran ulertzen ditut etsipenak jota daudenak. Primeran ulertzen ditut gizonezko askoren boterekeria hautsiezina dela pentsatzen duten emakumeak.

Publicidad

Nola ez. Auzolanaren alde egiten dugun gehienok sarritan etsipen hori sentitu izan dugulako, nor bere txokora itzultzeko tentaldia bizi izan dugulako. Azken batean, hitzak hitz, horretara bultzatzen gaitu gizartearen pentsaera nagusiak. Menpekook zenbat eta otzanago, orduan eta errazago menperatzaileen jarduna. Badaki zertan ari den etsipena ereiten duenak, nor bere habiara bultzatzen gaituenak. Utzi garrantzizko kontuak gure eskutan, zu, lasai, zu zeurera, eman guri botoa lau urtetan behin eta kito.

Galdetzen diozu zeure buruari zer egin dezakezun, adibidez, Errusiak Ukrainan piztu duen gerra itzal dadin eta ez duzu erantzunik aurkitzen. Galdetzen diozu zeure buruari zer egin naturaren hondamendia geldiarazteko eta erantzuna apenas den entzungarri. Galdetzen diozu zeure buruari zer egin aberatsen eta gainerakoon arteko desberdintasuna apaltzeko eta hutsaren hurrengo da erantzuna. Naturaren legea dirudi aberatsak gero eta aberatsago bultzatzen dituen indarra.

Askotan, etsipenak berezkoa dirudi, eta bidegabekeriei aurre egiteko behar den kemenak artifiziala, etsipena arrazoizkoa iruditzen zaigu, kemena erokeria. Eta, halere, jakin badakigu erokeria omen denaren alde egiten dutenei esker hobetzen zaigula bizitza, haiek lortutakoa aldaketaren alde behatz bat mugitu ez dugunon onerako ere izan daitekeela.

Pentsiodun guztiei hilero jasotzen duten dirua igo bazaie, ez da etsipenari amore eman ziotenei esker, borrokan jardun dutenei esker baizik. Eutanasia eskatzen duenak jakin behar du eskubide hori nori zor dion. Eraso sexistak zigortzen badira, ez da gizartean eragiteari uko egin diotenei esker, feministei esker baizik.

Publicidad

Etsipena, itxura guztien kontra, ez da berezkoa, norbaitek erein eta landu du gaur loretan dagoen landarea, norbaitek biltzen ditu fruituak. Kemena ere landa daiteke, ongarritu daiteke.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad