Aspaldi-aspaldian, izenak zioen huraxe izango ziren lur haiek: eremua. Landarerik gabeko lurrak, lur idorrak, landugabeak, bakartiak; hitz batean, basamortua.
Publicidad
Baina gizakia, hain da tematia, lur mortu haiek ere bereganatzen hasi zen pixkana, natura bera ere lagun. Eta apurka-apurka han ere hasi ziren landareak hazten eta ugaltzen, nekez bada ere; eta gizona ere han-hemenka joan zen gero eta lur gehiago bereganatzen eta tarteka bere bizilekuak antolatzen...
Halako batean, izen-biltzaile bat pasatu omen zen lur haietatik, galdezka nola zuten izena, nola deitzen zieten bertakoek. «Eremua» beste erantzunik ez omen zuen jaso. Zur eta lur geratu omen zen izen-biltzailea. Ezagunak zituen latina eta grekera hizkuntzak, eta bazekien zer zen grekeraz 'eremos' –basamortua, bakartia– eta zer latinez 'eremus' –basamortua–. Are gehiago, bazekien grekerazkoa zela jatorrizkoa, eta handik pasatua zela Erromako lurraldeetara.
Eta hara non Euskal Herrira ere iritsia zen izena, aldaketa handirik gabe. Gaztelaniara ere bai, baina aldaketa askoz handiagoekin. Nola izan zitezkeen jatorri berekoak gaztelaniazko 'yermo' eta euskarazko 'eremua'?
Mendeak joan eta etorri, itxuraz aldatzen joan ziren lur haiek, eta gero eta gizaki gehiago jarri zen haietan bizitzen, harik eta Erdi Aroan hiribildu bihurtu ziren arte, Ermua izenez; ordurako, higatua zuen antzinako izena, erabiliaren erabiliaz. Mende batzuk geroago jasan zuen Ermuak aldaketarik handiena –eta itxuragabekoena–. XX. mendean izan zen, 1960-1970 hamarkadan. Ia bost aldiz hazi zen bere biztanleria, 3.000koa izatetik 14.600 baino gehiagokora izatera. Bizilagun haietako asko eta asko ziren Eibarrera eta inguruetara lan bila etorriak.
Publicidad
Hamarkada horretan, 1968an, jaio zen Ermuan mutiko bat, familia galiziar batean. Miguel Angel izena jarri zioten. Ez zituen hogeita hamar urte bete. Lehenago hil zuten, inolako zentzurik eta gupidarik gabe. Gazte hark zituen adina urte generamatzan kanta ezaguna kantatzen: «Eremu latz honetan ez gera hain onak benetan».
ETAk gazte hura hil zuenean ohartu ginen, benetan, zein eremu latzetan bizi ginen, zenbat urte generamatzan piztiari laineza ematen, zenbat urte beharko genituen lurralde mortu honetan gizatasuna berreskuratzeko. Hogeita bost urte geroago, hitzen esanahia eztabaidatzen ari gara, noiz eta gakoa, hitzetan ez baina, jarreran dagoenean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión