Atsedena

Bai horixe ·

Latinezko 'adsedentare' sumatzen du 'atseden' honen jatorrian; esanahiaz 'eserita egon' prosaikoa

Abuztuaren hasieran, oporrak eta festak han eta hemen. Beste konturik ez da aditzen. Atseden-konturik apenas. Baina zertarako dira oporrak, atseden hartzeko ez bada? Eta zer da atsedena?

Publicidad

Oker ez banabil, Resurreccion Maria Azkue izan zen lehenengoa esaten 'hats' erroa daramala 'atseden' hitzak. Koldo Mitxelena ere uste berekoa zen. Honen eskua ikusten da Orotariko Euskal Hiztegian. Hauxe dio hitzaren etimologiaz: «De 'hats' verbo mal identificado, con pérdida de la aspiración en el compuesto». Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan, ordea, argiago ikusten dituzte kontuak, atzemana dute zer aditz dagoen amaieran: 'eden'.

Nik zalantzak ditut. Nolatan ez zuen Mitxelenak aditz hori atzeman, horren begien bistan egonda? Esplikazio bakarra bururatzen zait. Ikusi, ikusiko zuen; baina, gauzak hobeto aztertuta, atzera egingo zuen, zuhurtziak eraginda. Niri, berriz, atzera eragiten dit hasierako 'hats' horrek ere.

Ez naiz ur handitan sartuko. 'Hats' ikusten dute aditu ia denek beste zenbait hitzen hasieran ere: haserre, atsegin, atsekabe, aspertu, asko, aski, aspaldi eta besteren batean. Nire ustez, ez dago halakorik, eta pena ematen dit. Zoragarria izango litzateke 'hats' errokoak izatea horiek guztiak. Etimologia eder eta poetikoagorik! Baina ez nau konbentzitzen. Gustura hitz egingo nuke honetaz Koldo Mitxelenarekin, baina oso berandu nabil. Datorren urriaren 11n izango dira hogeita hamabost urte hil zela.

Kontuak gehiago zehaztuz, latinezko 'adsedentare' sumatzen dut gure 'atseden' honen jatorrian. Esanahiaz, 'eserita egon' izango litzateke, 'hatsa' baino askoz ere prosaikoagoa. Ez dago gure esku, ordea, etimologia aukeratzea.

Publicidad

Usteak uste, atseden hartzea da kontua. Eta atseden hartzea estu lotuta dago –orain bai– hatsa eta arnasa hartzearekin. Ondotxo dakite hori yoga egiten dutenek. Eta besteok ere ari gara noizbait ikasten. Baina ez da nahikoa hatsa hartzea. Ezinbestekoa da esertzea ere, ondo esertzea. Eta etzatea. Bestela ez dago atsedenik. Eta atsedenik gabe alferrikakoak dira opor guztiak.

Atsedena: poesia eta prosa. Oporrak eta festak etorri aurretik, horien alderdi poetikoak jartzen gaitu ametsetan. Poesiak pizten dizkigu ilusioak eta egin arazten planak. Gero, haiek etortzean, alderdi prosaikoak agintzen du askotan. Baina biak dira beharrezkoak: hatsa eta ipurdia. Ez dago bata bestea gabe.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad