Ase eta aspertu

Bai horixe ·

Duela laurehun urte, Iruñeko eta inguru zabaleko euskaldunek 'aspertu' erabiltzen zuten 'ase' esateko

Jueves, 25 de agosto 2022, 07:08

Azken egunotan, gero eta sarriago ari gara aditzen 'aspertu' hi-tza. Abuztua amaitzen ari den seinale. Uztailaren erdialdean, beroaz aspertu ginen. Ez da harritzekoa; halako egun eta gau beroak egin zituen etengabe, bata bestearen segidan. Ase-ase eginda bukatu zuen berozalerik handienak ere. Nahikoa eginda.

Publicidad

Oraingo aspertze honi, berriz, bestelako kutsua dario. Ez dakit. Egingo nuke, nolabait esateko, nahikoa egin gabe aspertzen hasi ote garen denok ere. Berehala sortzen da galdera, larri samarra: baina norbait aspertu al daiteke ase-ase egin gabe?

Duela laurehun urte, 1626an, Dotrina bat argitaratu zen Iruñean, gaztelaniaz eta bertako euskaran, Juan de Beriayn apaizak idatzia. Honelaxe dio euskaraz, pasarte jakin batean: «Bienabenturatuak dirade justizia deseatzen dutenak, zeren ohek izanen dirade aspertuak». Ez dut eskueran gaztelaniazko bertsioa, baina honelatsu izan ohi da: «Bienaventurados los que tienen hambre y sed de justicia, porque ésos serán saciados».

Utergan jaioa omen zen apaiz hura, Iruñetik 18 kilometrora, eta arreta berezia jarri omen zuen ahalik eta euskararik ulergarriena erabiltzen, artean huraxe baitzen inguru hartako bizilagunen hizkuntza. Beraz, 'aspertuak' idatzi zuenean ez zen filologia egiten ari edo auskalo nongo eta noizko euskara berreskuratzen. Eguneroko eta bertako euskara biziaz ari zen, ahalik eta zehatzen. (Beste upel batekoa da 'bienabenturatuak'.)

Gaur, guretzat argi dago, oso deigarria egiten bazaigu ere. Duela laurehun urte, Iruñeko eta inguru zabaleko euskaldunek 'aspertu' erabiltzen zuten 'ase' esateko. Bestela esanda, esanahi berekoak ziren haientzat 'ase' eta 'aspertu'. Edo, nahi bada, orduko nafar haiek asetzen zirenean, nahikoa egiten zutenean, aspertzen ziren.

Publicidad

Gogor samarra bada ere, onar dezagun. Gu belaxkagoak gara, ipurterreagoak. Aspertu egiten gara, ase baino lehen ere; askotan, nahikoa egin gabe esan ohi dugu «nahikoa da», edo azkarregi ematen dugu zerbait bukatutzat, hurrengoari heldu ahal izateko. Zigarro erdi erreaz pizten dugu hurrengoa. Ez. Urteen eta mendeen joanean, dena ez da irabazia izan.

Horrelako kontuetan, dena ez da norbere eskuetan egoten; asko –askotxo– agindu ohi du inguruko giroak. Baina tira. Oraindik garaiz gaude abuztua eta oporrak azken hondarretaraino dastatu eta gozatzeko, gure antzinako guraso nobleen arrastoan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad