Amaitu da Donostiako aurtengo Zinemaldia. Bederatzi egun beteak izan dira bertan ibili direnentzat. Izan ez garenok ere adi-adi egon gara, hiriburutik zer berri etorriko, zer ustekabekok harrituko. Baina ez gara horretara mugatu. Argi egon gara, gure inguruan zer arte-taupada sumatuko. Arnasbidea baita artea, bizibidea baino lehenago. Arnasbide isila, bizibide zaratatsua bainoago.
Publicidad
Esaterako, hiru urteko neska-mutilak eskolatik irteten ikusteak badu, baduenez, artistak alfonbra gorriaren gainean ikusteak adinako xarma. Ikusi egin behar dira irribarrez gainezka, ikasgelan –jolasgelan– egindako marrazkia eskuetan dutela, aitaren edo amaren, aitonaren edo amonaren begien bila, beren goizeko artelan koloretsua erakusteko ilusio urratugabeaz.
Uste baino urrutiago eraman gaitzake gure neska-mutilen artezaletasunak. Orduak eta orduak egongo ginateke, beste zereginik gabe, nola marrazten duten begira, sorkuntza artistikoan itsu-itsu sartuta, koloretako marrak egin eta bihurritzen. Di-da batean amaitzen dute, ordea. Hori bai, barrua hustuta, duten guztia emanda. Sorkuntza artistikoan aurkitzen dute, nonbait, poza eta zentzu betea.
Bai. Seguru asko, horixe da lehen-lehenik esperientzia artistikoa: sorkuntza. Sorkuntza artistikoa egongo da hasieran. Etorriko dira gero ederra eta misterioa topatzea, eta hauek islatzeko beharra eta ordua. Orain, sortzeko garaia dute, barruko irrika azti eta maisu.
Adituen esanetan, esperientzia estetikoak zeresan handia du –zeresan erabakigarria ere bai– neska-mutilen hazkuntzan. Umetan, izan ere, sentitu egiten dute batez ere, pentsatu eta esan baino gehiago. Eta sentituz hazten dira, sentituz urratzen dute aurrerabidea, ezezagunari aurre eginez.
Publicidad
Pixkana-pixkana landuko dute sorkuntza estetikoa. Agian, urteen joanean, zinemaren munduan sartuko dira. Edo literaturarenean. Baina, horien atarian geldituta ere, beti jarraituko dute misterioa atzeman eta islatu nahian. Misterioa baitago, ederra baino harago, esperientzia estetikoaren baitan. Misterio agortezina eta atzeman ezina, gaizkiaren misterio latza lehenengoa dela.
Dena beharko dute gaixoek, handitzen doazen bezala. Izango ahal dute eskura pintzela, hitza, kamera edo dena delako baliabidea, gure aurrekoek izan zuten bezala. Eta izango ahal dira gauza –izango ahal dute adorea!– gaurik beltzenari ere aurre egiteko, gu izan ez bagara ere.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión