Xumea bezain polita da kanta. Ia-ia ez da kanta izatera ere iristen. Eta aldaera asko ditu, ia-ia herri adina aldaera. Gure etxean, honela kantatu ohi da orain ere, neska edo mutil txikia belaunetan jarrita, 'arre, arre, kon-kon' eta 'txalo-txalo' eginez. Honela ikasi genuen guk, honela ikasi zuten seme-alabek eta honela ikusi dute bilobek ere:
Publicidad
Arre, arre, mandako / bihar Tolosarako / etzi Iruñarako... / Handik zer ekarriko? / Zapata ta gerriko / Ta hau zeinentzako?... Jakina izaten da erantzuna: belaunetan dugun neska edo mutilarentzako. Eta hori esanez bukatu-edo ohi da jolas-kanta. Izan ere, inoiz bukatzen al da jolasik umeekin? Ohitura polita irudikatzen du kantak. Jose Maria Satrustegiri ikasi genion. Feriara doa etxeko nagusia mando gaztearen gainean, aurrena gertuko feriara –Tolosara–, gero urruneko feriara –Iruñara–.
Feriaz feria jeneroa salduz doa eta ez da eskuhutsik itzuliko etxera. Etxean, zain dauzka neska-mutil txikiak, ama edo amonaren belaunetan, kanta eta jolas, aita noiz itzuliko feriatik, zapatak edo gerrikoa edo auskalo zer opari eskuetan duela.
Aldaera asko ditu kantak, ia-ia feria adina aldaera. Oparietan ere badago alderik. «Frakak eta txaleko» bertsioa ere jaso zuen Azkuek. Hala ere, ez dirudi dena horren idilikoa zenik. Tartean izan behar zuen oso zintzo portatzen ez zen aitarik. «Saski bete mokordo» bertsioa ere jaso baitzuen lekeitiarrak.
Aldaerak aldaera eta opariak opari, Iruña dute jomuga kantaren ia bertsio guztiek. Lehen herriaren izena aldatzen da gehien, bertsio batetik bestera; baina ia beti Iruña da bigarrena. Iruñako feria izan, nonbait, feria nagusia. Sanferminetako feria. Gaurko egunetaraino bizi-bizirik iritsi dena, urtea joan eta urtea etorri, jendetza handiaren erakargarri.
Publicidad
Erroma omen dute bide guztiek jomuga. Baina hauek geroagoko kontuak dira, gure txokotik irten eta unibertsalak egin ginenekoak. Urrutiko intxaurrekin amets egiten hasiak izango ginen ordurako. Pixkana-pixkana ikasi dugu, ikasten ari gara, etxean hasi eta etxean amaitzen direla biderik onenak.
Eta, festa-giroan murgilduta gaudenez, hobe berriro ere gogoan izatea: etxean amaitu behar dira festak. Bestela ere, hilarriz beteak ditugu errepide-bazterrak eta, berriro ere, gainezka egiten hasiak ospitaleak. A! Eta etxean zain ditugu seme-alaba txikiak, eta ez hain txikiak ere.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión