BAI HORIXE

Emakumeak dantzan

Gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasuna utopia urruna da

Bada Errioxan herri bat Cervera del Río Alhama izena duena. Herriak hiru mila biztanle ditu eta egunotan hedabideetara salto egin du bertako festen ekitaldi nagusian emakumeek ezin dutelako parte hartu. Zehazkiago, hainbat emakume debekuaren kontra altxa delako. Aldarrikapen hori gabe, ez legoke notiziarik.

Publicidad

Hamar urte darama emakume talde batek borroka horretan. Eta beste hainbeste debekuaren aldeko kofradiak eta herriaren zati bat, emakumeen aldarriari kontra egiten. Gaitaren dantza du izena ekitaldiak eta gutxienez 500 urte ditu. Bertan, Cerveran sortutako gizon ezkongabeek dute, tradizioz, dantzan egiteko baimena. Lege hori malgutu omen da azken urteotan, eta gizon dantzari ba-tzuk ez dira bertan sortuak, baina, tira, beti ere gizon gazteak. Ez dute balio ezkongabe adinduak, ezta gizon gazte ezkonduak ere.

Emakume dantzarien kontra kofradiek adierazi dituzten argudioak entzunak ditugu, gutxienez Bidasoa itsasoratzen den honetan. Arbasoengandik jaso duguna dagoen horretan mantendu behar da; tradizioa ezin da ukitu, ezta emakumeen eskubideak errespetatzeko ere; feminismo gaiztoa dago aldarriaren atzean, benetako feministak, feminista zintzoak, emakumeen eskubideen kontra daude; auzia politizatu egin da (ez, txiripaz edo ez diote E.H Bilduri erantzukizuna leporatu) ...

Apaiza bera emakumeen kontra jarri da, gizonengan garbia dena emakumeongan lizunkeria dela adieraziz. Horra, labur kontatua, egunotan Cervera del Río Alhaman gertatu dena.

Hamazazpi mila biztanle ditu Hondarribiak, ia hirurogei mila Irunek eta bi hiriok Cerveraren senide dira, desberdintasun txiki batekin: Txingudi aldean 30 urte darama borrokak eta Cerveran hamar.

Aurtengo udazkenean beteko dira 75 urte Nazio Batuek Giza Eskubideen aldarrikapena plazaratu zutenetik. Estatu gehienek sinatu dute aldarrikapena, baina ez da inon betetzen. Ez, behintzat, emakumeok gizonen eskubide berak ditugula dioen atala. Eta ez dugu hori egiaztatzeko Afganistanera edo Saudi Arabiara joan behar. Hementxe bertan, Euskal Herri aurreratu eta demokratiko honetan ditugu adibideak.

Publicidad

Zaharragoa da iraultza frantziarraren leloa, askatasuna, berdintasuna, senidetasuna, eta hori ere urruti dago, Giza Eskubideen Aldarrikapena bezala, zerumuga urrunean. Biak ala biak utopia dira eta guztiok dakigu ez garela sekula utopiara helduko, baina utopiarik gabe ez genuke jakingo ze norabide eman bizitzari, zeren alde borrokatu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad