Liburuei eskertza

Kontrakoa askotan iragarri bada ere, liburuak ez dira desagertu ez desagertuko

Duela mende erdi, adiskide batek altzari denda batean egiten zuen lan eta halako batean erakusleihoaren erdian, egurrezko apalategi sendo eta ederra jarri zuten. Apalak saldu nahi zituzten eta helburu horrekin jarri zituzten gainean gezurrezko liburu batzuk, apaingarri gisa. Entziklopedia itxura zuten liburu haiek, gorriak ziren eta bizkarrean urre koloreko hitzak zituzten. Dotorezia eta kultura antzezten zuten.

Publicidad

Sasoi hartan etxe askotan egoten ziren entziklopediak, sarritan epetan erosiak. Apalategi hartako liburuek hori adierazten zuten, etxe hartan bazegoela nola-halako kultur kutsu bat, bertan bizi zirenak pertsona eskolatuak zirela.

Bada egun batean gizon bat sartu zen denda hartan eta saltzaileari esan zion liburu haiek erosi nahi zituela. Esan zioten ez zirela benetako liburuak eta, gainera, beraiek altzariak saltzen zituztela ez liburuak. Esandakoaren froga gisa saltzaileak ale bat eskuan hartu eta erakutsi zion balizko erosleari zertan zegoen amarrua. Gizonak erantzun zuen ez zitzaiola axola, berak bere egongelan liburuak dekorazio gisa jarri nahi zituela, itxura bilatzen zuela, ez edukia.

Orain entziklopediak interneten daude eta pantaila izan ohi da egongelaren errege, ez liburuak. Egon daiteke etxeren batean funtzionatzen ez duen pantaila erraldoiren bat, gezurrezko liburu haien zeregina betetzen duen pantaila itsu eta mutua, etxekoen aberastasunaren eta kultur mailaren adierazle.

Liburu bakar bat ez zuten etxeak ezagutu ditut, baita liburuz josiak daudenak ere. Ezagutzen ditut, halaber, sekula liburu bat erosten ez duten irakurle amorratuak, irakurgaia beti maileguz eskuratzen dutenak. Zer nahi den, liburuak ez dira desagertu, ez (ausartzen naiz) desagertuko, askotan kontrakoa entzun eta irakurri badugu ere. Teknologia ezin hobea du, autonomoa, iraunkorra, argindarrik behar ez duen gailua da, iraungitze datarik gabea, xume bezain eraginkorra.

Publicidad

Hori bai, liburua ez dago erdigunean, seguruenik pantailek jan diote indarra. Gutxitan ikusiko duzu garraio publikoan eskuan liburu bat duenik. Gehiengoa irakurtzen ari da,baina ez paperetan, pantaila batean baizik. Dena den, ez da sekula santan hainbeste irakurle izan munduan eta horrek nola halako aurrerapena adierazten du. Apirilean gaude, liburuaren egunean, liburuak egiten ditugunon festa baina, batez ere, liburuak irakurtzen ditugunona. Zorionak guztiontzat eta eskerrona liburuentzat.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad