Norabide jakinik gabe nenbilen hiri erraldoi hartan, kalez kale, plazatxoz plazatxo, ikusten nuen guztia burmuinean gorde nahian. Gustuko dut herri eta hiri ezezagunetan horrela ibiltzea, maparen ze puntutan nagoen ahaztu arte. Horrela aurkitu izan ditut txokorik berezienak, gero hiriaren izena entzun bezain laster gogora datozkidan leku eta pertsonak.
Publicidad
Begirada arina zen nirea, noski, azalekoa, turistoi dagokiguna eta, gainera, desberdintasunak antzeman nahi zituena. Dendak, tabernak, etxeak, pertsonak, usainak. Horietan blai, behin-behineko etxera itzultzeko garaia dela sentitu arte. Egun hartan ilunabarra zen, hasiak ziren pizten kaleargiak, baina kalean zebilen jendeak ez zuen presarik adierazten. Asfalto gainean ere udaberria sumatzen zen.
Halako batean inoiz sentitu ez nuen zerbait nabaritu nuen: sentikizun horrek ulertarazi zidan ordura arte beste pertsonei buruz entzundako hitzaren esanahia. Arrazializatua sentitu nintzen, besteen begiradaren poderioz. Zuria esaten diogun arrazakoa naiz, txikitan ilehoria nagusi zuen familia batean beltzaran bakarra izanda ere. Gogoan dut behin baino gehiagotan, haurtzaroan, norbaitek galdetzen zuela ijito alaba ote nintzen, hainbeste begi argiren artean.
Hiri hartako kale haietan zuria nintzen, kalean zebilen gehiengoa ez bezalakoa. Azalaren kolorearena bitxia da. Duela gutxi entzun dut Afrikaren bihotzean zebilen kazetari euskaldun bati «txinatar» esaten ziotela bertako biztanleek. Txinak eragin handia omen du lurralde haietan eta bertakoentzat, beltzak ez direnak txinatarrak dira, guretzat beltz guztiak berdintsuak diren bezalaxe.
Beste adibide bat. Eskola garaian Hegoamerikako herri batean eman zuen euskaldunak kontatua. Ilehoria eta begiak urdin, baina ez omen zuen desberdintasunik nabaritzen eskola kideekiko. Europara etorri zen arte. Europan urte batzuk pasa ondoren itzuli zen haurtzaroko txoko hartara eta orduan egiaztatu zuen eskola kide askok ezaugarri indiarrak zituztela
Publicidad
Aspaldian frogatu zuen zientziak arraza bakarra dagoela gizadian, baina zien-tziak ez du gure begirada aldatu, ezta hi-tzak ere. Guk arrazak ikusten jarraitzen dugu eta, okerrago, existitzen ez diren arrazen artean lehentasunak ikusten ditugu. Arraza batzuk besteak baino hobeak, aurreratuagoak direla pentsatzen dugu. Hori da arrazakeria. Kolore eta ezaugarri guztietan gertatzen da, baina nabarmenena zuri omen garenon nagusitasuna aldarrikatzen duena da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión