Esan dezadan ez zaidala berez eta modu automatikoan animaliekiko atxikimendua azaleratzen. Seguruenik hoztasun horrek ez du nitaz ezer onik esaten, baina horrela da. Nire buruarekiko diagnostikoa are gehiago okertzen da landareekiko dudan zaletasuna kontutan izanda. Zergatik landareak bai eta animaliak ez?
Publicidad
Horregatik kosta izan zait nire inguru hurbileko norbaitek animalien ongizateari buruz zerbait esaten edo egiten duenean adierazpen horrekin bat egitea. Horrelakoetan burmuina erabili behar izan dut, su eta gar, animaliekiko babesaren inguruko arrazoibideak errepikatu behar izan dizkiot neure buruari, letania baten antzera, animali baten edo bestearen defentsarekin bat egiteko.
Adibide bat jartzekotan, su artifizialen zaratak txakurrei eragiten dien ondoezaz jabetu nintzenean pixkaka ikuskizun horri buruzko atxikimendua ahuldu egin zitzaidan. Berdin azken urteotan urte zahar gauean edonon botatzen diren petardoekin. Lehen leherketa entzun bezain laster datorkit gogora txakurren sufrikarioa baina kontu hori aipatu zidaten lehen alditik hona hamarraldiak pasa dira.
Ehiza da beste adibide bat. Ikusten dut etxetik hurbil, hiria bukatu aurretik, ehiztari bat aparkatzen udazkeneko edozein egunetan, Afrikako oihanetan ehizerako balio dezakeen janzkeraz mozorrotua, eskopeta besaburutik zintzilik eta handik ehunka gutxiko metrotara arrantza dagoen pertsonak eragiten ez didan zirrara sumatzen dut. Arrazoibideetan sartuta, ezin argitu zergatik ematen didan pena handiagoa hilzorian dagoen hegaztiak amuari heltzeko zorian dagoen arrainak baino.
Ikusten dut herriko festa batean txekor izutu bat jendartean, jendeari ihes ezin eginik eta pena puntu bat pizten dit animalia gaixoak, baina handiagoa da zeregin horretan poza aurkitzen duten gazteen jokaerak sortzen dizkidan galderen pisua, hori gainditzen zaio animaliarekiko atxikimenduari.
Publicidad
Egia esan, harridura sortzen didate animalien defentsan modu aktiboan parte hartzen duten pertsonek. Ikusten ditut lurrean etzanda, zezenaren sufrikarioa antzezten, tomate saltsa odolaren ordez eta mirespena harriduraren pareko da. Ez ditut zezenketak maite, ez dut gustuko zezen baten bizkarretik odola borborrean ateratzen ikusteak. Baina ikuskizun horrek eragiten didan hotzikarari ihes egiteko aski dut telebista katez aldatzearekin.
Era berean miresten ditut beganoak, baina uste dut ez naizela sekula horretara helduko. Auskalo.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión