Kareletik

Eraikitako irudiak

Ez dut oraindik irakurri ezineramana sentitzen duen gizonezko baten aitortzarik

Miércoles, 26 de noviembre 2025, 01:00

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna izan zen atzo. Emakumearentzat testuinguru gogor eta zailean iristen dela zioen idatzizko komunikabide batek, emakumeak, gizartearen eremu guztietan indarkeria jasaten jarraitzen duelako. Ez dakit esaldia guztiz borobila zen. Baina artikuluak argi adierazten zuen gizonezko gazteen atzerakada ideologikoa, gazteen jarrera eta pentsamendua, oro har, matxista dela, emakumeak berdintasun betean bizi garela uste dutela, eta sare sozialetan jasotzen diren diskurtsoen kontsumoak jarrera matxistak elikatzen dituela.

Publicidad

Artikuluak azpimarratzen zuen baita ere, gazteek politikoki zuzena den diskurtsoa ondo ikasita dutela, bai gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren ingurukoa, eta bai emakumeen kontrako biolentziaren prebentzioaren gainekoa ere, baina gero, beren portaera bestelakoa dela. Hori dela eta, prestakuntza eskaintzetik, gizonezkoak gizarteak behar duen eraldaketa prozesuan txertatzera pasatu behar dugula, ardurak emanez.

Egunotan Karmele Jaioren 'Harrizko bihotza' liburua irakurtzen ari naiz eta 'Mirari' atalean dio, emakumeok badaukagula joera bat, gure buruan ideala den gizonezkoa irudikatzeko eta irudi horrekin ustez bat datorren gizonezkoarekin maitemintzeko. Eta gizon hori ez baldin bada ere guk irudikatu duguna, mirari bat gerta daitekeela uste dugula. Hau da, maitasunari esker, aldatuko dugula.

Behin, elkarrizketatu nuen emakume batek esan zidan, berak gizon bat bakarra ezagutu zuela: bere senarra. Eta lehen musua eman zionean eta eskutik heldu zionean sentitu zuen zirrarak ulertarazi ziola huraxe zela maitasuna, huraxe bere gizona. Begiak itxita eta birjina ezkondu zela.

Galdetzen dut, bada, gizonezkoek zer nolako irudia egiten duten beren bikoteez, beren emazteez. Emakume idealaren irudia osatzen ote duten. Eta irudi hori errealitatearekin bat ez datorrenean, zerk bultzatzen dituzten indarra erabiltzera, nola elikatzen duten emakumearen kontrako gorrotoa, eta zergatik eraiki-tzen den beraien erraietan emakumea hiltzeraino zapaltzeko premia.

Publicidad

Ez dut oraindik irakurri ezineraman hori sentitzen duen gizonezko baten aitortzarik. Errealitatearekin bat ez datorren irudiarekin bizi den gizonaren sentipenaren azalpenik. Oker eraikitzen diren irudi horien existentzia ezagutzea eta irudi horiekin bizi diren gizonezkoen testigantzak jasotzea aurrerapauso bat litzateke, agian, horiek sahiesten eta deseraikitzen ikasteko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad