Alkate jauna

Bai horixe ·

Plaza, jendez beteta. Aurrealdean, alkate jauna –ehun eta berrogei kiloko gizon puzka– eta zinegotziak

Askotan kontatzen zuen Joxe Mari Lertxundik (Aia, 1932- 2022). Eta, hala ere, beti prest egoten ginen berriro ere entzuteko. Hain da istorio bizia, eta hain ederki kontatzen zuen, halako graziaz, hamabi urterekin bizi izan zuena.

Publicidad

Orain 78 urte gertatu zen Aian, herriko festetan, 1944ko abuztuaren 7an, san Donato egunez. Astelehena izanagatik, jendetza meza nagusian. Meza bukatuta, plazaren erdi-erdian, bertsolarientzat tokia: oholtza, bi kupel handiren gainean. Badoaz Uztapide, Basarri eta botileroa, eta eseri dira aulki banatan. Botileroa erdian, bertsolariei tragoxka bana emateko noizean behin. Mikrofonorik gabe, denen beharra izango zuten haien eztarriek.

Plaza beteta, jendea zutik. Aurrealdean, alkate jauna –ehun eta berrogei kiloko gizon puzka– eta zinegotziak, aulkietan eserita. Denak isildu eta hastera doa saioa, ez mikrofono eta ez gai-jartzaile. Basarri hasita, bizpahiru bertso kantatu dizkiote san Donatori. Ondoren, herriko agintariei ere kantatu behar eta, honela bukatzen du Basarrik lehen bertsoa: Orain urrengo eginkizuna / au degu bertsolariak: / bion artean jaso ditzagun / erriko agintariak. Uztapidek, nola utzi aukera hura galtzen?, hor botatzen dio Basarriri: Agintariak goraltze ori / etziok erreza lortzen, / kostako zaiguk alkate jauna / emen goraiño jasotzen.

Joxe Mari Lertxundik, ondorengoa kontatzeko, gutxitxo izaten zituen harridurazko esaldi guztiak: «Uztapideren bertsoa entzun zen une hura, Aiako plazan harrigarria izan zan. Hura adierazteko ez dago hitzik. Hango barre-algarak eta haiek oihuak! Hura jendearen eromena! Horrelako gauzak, norberak bizitzen ez baditu, ezinezkoa da gertatuaren berri besteri ematea».

Jendearen eromena eta alkate jaunaren amorrazioa! Eta amorrazio adina botere. Zigorra jarri bi bertsolariei: bazkalondoan hasi eta berriz plazan kantatzeko ordua iritsi arte, kale barruko bost tabernetan eta Armendiko bentan, bertso-saio bana egin beharra. Eta agindua betearazteko, alkate jaunak mutil bat jarri, gelditu gabe jardun zitezen.

Publicidad

Eta Basarri eta Uztapide, arratsaldean badabiltzala tabernaz taberna, bertsozaleak atzetik dituztela, haiek kantatutako bertsoak gozatu eta buruz ikasten. Bertsolariek, jolas bihurtu zigorra. Festa festaren gain.

Garai bateko kontuak, beti gustura entzuten direnak, batez ere festa-giroan, bizitza gogoratuz eta bizia ospatuz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad