Azaro honetako goiz batean, anbulatorioan, sendagileren zain. Egunkaria irakurtzen ari nintzela gutxi gora behera nire adinkide izateko itxura zuen emakume bat eseri zitzaidan aldamenean eta egun on esan. Bista egunkaritik altxatu eta egiaztatu nuen jarleku asko zeudela libre inguruan, baina emakumeak nire ondokoa aukeratu zuela. Kontuz, esan nion neure buruari, behin baino gehiagotan erori baitzait horrelakoetan isil-mandatu zaparrada.
Publicidad
Jarraitu nuen irakurtzen, pentsatu nuen luze zihoala nire aurreko gaixoaren kontsulta eta lerro bakar bat irakurtzeko denbora izan baino lehen hasi zitzaidan hizketan aldameneko andrea. Segidan kontatu zidan odoleko azukrea oso goian zuela, kolesterola bezalaxe. Baina kezkarik handiena ez zela hori, mugikortasunaren galera baizik.
Hasperen batekin batera tolestu nuen egunkaria. Orduan ikusi nuen andreak makulu bat zuela aldamenean eta ulertu nuen ez zela isilduko barruan zeraman zama hustu arte. Esan zidan igogailurik gabeko etxe batean bizi zela, laugarren pisuan eta kalera ogi bila ateratzeko ere nekeak zituela.
Arretaz erreparatu nion eta egiaztatu nuen emakumeak itxura ona zuela, txukun apaindua zetorrela sendagilearengana eta ez zitzaidala ezaguna egiten. Kontatu zidan, begiak auskalo non finkatuak, alaba kanpoan zuela lanean, semea hiritik kanpo ezkondua eta bakarka bizi zela. Sendagilearen ateak itxirik jarraitzen zuen.
Andreak hizketan jarraitu zuen. Esan zidan ez zitzaiola bakarka bizitzea axola, ez zitzaiola zama handia gertatu adiskideak banan bana desagertu zitzaizkion arte. Hasieran etortzen zitzaizkiola bisitan, maiz, ia arratsaldero, eguneko ogia ekartzen ziotela eta goizak aise pasatzen zituela, etxea txukundu, bazkaria prestatu, ikasi zuela astean behin eskaera telefonoz egiten eta arratsaldean zetorren adiskideak beti ekartzen ziola eguneko ogia. Harritu ninduen eguneko ogiarekin zeukan temak.
Publicidad
Eguneko ogiaz mintzatzen jarraitu zuen, luzaroan, itxuraz irteerarik ez zuen zurrunbiloan. Iruditu zitzaidan adiskideen galera baino mingarriago zitzaiola ogiarena. Arratsaldeak, esan zuen azkenean zurrunbilotik kanpo, arratsaldeak zirela arazoa, ez zekiela nola bete bazkalondoko kuluxkaren eta ohera joateko orduaren tarteko epea.
Hor isildu zen eta zerbait esan behar niola pentsatu nuenean zabaldu zen sendagilearen atea eta barruko norbaitek nire izena ahoskatu zuen. Libratu nintzen. Aldameneko andrea, ez.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión