Edorta Fernández Kirol zinegotzia, Joxemari Mitxelena sariarekin eta Joana Mendiburu alkatea. ARGAZKIAK UDALA

Oiartzun

Joxemari Mitxelenak jasotako Kirol Saria, ibilbide oso baten aitortza

Mitxelenak «hunkituta eta oso eskertuta» jaso zuen saria Ladetxe Kultur Aretoan egindako ekitaldi berezian

Elena Viñas

Oiartzun

Martes, 4 de noviembre 2025

Joxemari Mitxelena Cazabonek ostiralean jaso zuen 50 urtetik gorako ibilbide luzearen eta oparoaren aitortza. Landetxe kultur aretoan bildu ziren ibilbide hasieran eta azken hamarkadetan bere ondoan aritu diren taldekideak, udal ordezkariak, herriko kirol elkarteetako partaideak, senide eta lagunak, guztiek elkarrekin omenaldi beroa eskaintzeko.

Publicidad

Edorta Fernandez Kirol zinegotziak eman zion hasiera ekitaldiari, eta Mitxelenaren lorpenak nabarmendu zituen. «Joxemariren merituez hitz egiten pasa nezake arratsalde osoa. Lehen pilota eskola sortu zuen herrian eta pilotari gisa edota Gipuzkoako eta Euskal Selekzioko hautatzaile gisa hainbat titulu lortu ditu». Esku pilotatik harago doazen modalitateak lantzeko sortu zuen Txost elkartean egindako lana ere gogora ekarri zuen. «Paxaka, errebotea edo bote luzea herria sustraitu ditu, pilota soro berriak topatzen ibili zaigu han eta hemen... eta erretiroa zetorrela uste genuenean, hara! Euskal herriko pilota federazioko lehendakari! 50 urtetik gorako ibilbide baten aitortza dugu gaurkoa, merezitako aitortza. Bejondeizula Joxemari, zorionak eta jarraitu orain arte bezala lanean, nekaezin».

Polifazetikoa eta nekaezina

Ondoren Joana Mendiburu alkateak hartu zuen hitza. «Joxemariri Axeya deitzen diogu Oiartzunen, eta ez alferrik: azeriaren adimena, trebezia eta ikuspegi zabala izan ditu beti Joxe Marik gure herriko kirolaren mesedetan, eta batez ere, nola ez euskal pilotaren mesedetan». Kirolean lortutakoaz bakarrik hitz egitea «hanka motz» gelditzea dela esan zuen. «Kirolak adina modalitate edo fazeta dituen pertsona da. Kirolarekin batera, ondarea eta historia uztartu ditu beti; Euskal Herriaren oroimena zaindu eta etorkizuna eraikitzeko modu gisa ulertu ditu historia eta oroimena».

Mitxelenaren bizitza euskaltzaletasunak eta jakin-minak gidatu duela nabarmendu zuen alkateak. «Artxiboetan bezala kirolean ere ikusezinaren bila ibili da. Oiartzundik Euskal Herri osora zabaldu du bere lanaren oihartzuna. Bere lanari esker, gaur Oiartzungo pilota bizi-bizi dago. Kirolaren arloan dena da antolaketa, mugimendua eta etorkizuna. Hori guztia Joxe Mariren gisako pertsonen lanari esker lortu da. Eskerrik asko, bihotzez, zure konpromisoagatik, zure grinagatik eta gure gazteei transmititu diezun balioengatik», bukatu zuen.

«Hunkituta eta oso eskertuta» jaso zuen saria Mitxelenak, eta «beti» sentitu duen zorra «orain handiagoa» dela adierazi zuen. «Gurutzen jaio nintzen, frontoi baten ezker paretaren ondoan. Oso gazte hasi nintzen bertan jolasten, eta hasi nintzen hor, norbaitek, frontoi bat egin zuelako. Hala izan ez balitz nire bizitza zeharo ezberdina zatekeen. Beti sentitu dut norbaiti zor diodala pilotan hasi izana. Orain, gaurko omenaldiaren ondoren, are zor handiagoa dudala sentitzen dut».

Publicidad

Bide luzean ondoan izan dituen guztiei eskerrak eman zizkien. «Nire gurasoei, izugarrizko sakrifizioa egin baitzuten ni aurrera ateratzeko. 14 urte bete gabeak nituela nirekin pilotan hasi ziren lagunei. Urrutira joan behar izaten genuen lehenengo, Oiartzunen ez baitzegoen pilota antolaturik. Herrian pilota modu antolatuan lantzeko nirekin lanean ibili ziren guztiei. Eta, nola ez, eskerrik asko bereziki nire emazteari eta alabei» Haien babesa «ezinbestekoa» izan dela esan zuen. «Mila esker denoi, nik egin ditudan gauza guztiak ez baitituk bakarrik egin. Ohore handia da niretzat bide honetan lortu dudana, eta hori zuei denei esker izan da».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad