Herriko industrialdeak biziberritzeko hitzarmena onartu da
Udalaren, Oarsoaldeko Garapen Agentziaren eta SPRI-k sinatuko dute
EGIAR
Sábado, 30 de julio 2022, 00:06
Uztaileko ohiko udalbatzarra izan zen herenegun, hilaren 28an. Oarsoaldeko Garapen Agentziak aurkeztutako '2022 Industria Eremuak Modernizatzeko Plana' proiektua gauzatzeko SPRI, Oarsoaldeko Garapen Agentzia eta Lezo eta Oiartzungo Udalen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zen. Honen bidez, Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez 1.500.000 euroko ekarpena egingo dio 2021, 2022 eta 2023 urteetan zehar Oiartzungo Udalari industriaguneak berritzeko.
Publicidad
Jexux Leonet alkateak positiboki baloratu zituen hitzarmen hauek eta «Oiartzungo Udaletik finantzaketa hau lortu ahal izateko egindako lan handia» azpimarratu zuen. Herriko poligono guztiak berritzeko proiektuak martxan jarriko dira horrela. Proiektu hauen aurrekontuaren %70 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du SPRIren bitartez eta Oiartzungo Udalak %30a.
Bestalde, udalaren jabetzakoa den Rafael Pikabea kalea 56-58 baxuko lokala Ugaldetxo Kultur Taldeari uzteko hitzarmena sinatzea adostu zen ahobatez, auzoko bizitza soziokulturala sustatzeko, eta auzoko festak antolatu ahal izateko.
Gainera, Lanbarren poligonoan 2021eko euriteek eragindako lur-erorketa konpontzeko lanen gastu gehikuntza onartu zuten (43.509,09 euro).
Xanistebanetako jai egitaraua eta aurrekontua onartu ziren ere, ahobatez. Aurten, 95.000 euro inguru bideratuko dira festen programara. Ia erdia, 45.815 euro, elkarteei bideratuko dira dirulaguntza bidez ekitaldiak antolatzeko.
Beste ordainketak
Kuadrillategi egitasmoa abendua bitarte Ttur Ttur Euskaltzaleon Bilgunea Kultur Elkartearekin sinatua dagoen hitzarmenaren baitan ematen jarraitzea eta horretarako 12.177,83 euroko gastua adostu zen. Oarsoaldea Garapen Agentziari aurtengo bigarren hiruhilekoagatik egin beharreko ekarpena ordaintzea ere onartu zen: 89.654,54 euro. Ibargain Musika Eskolari egin beharreko ekarpenak ere onartu ziren: ikasturte honetako azken ordainketa (29.710 euro) eta datorren ikasturte hasierakoa (42.232 euro). Uztaileko protokolo gastua 154,35 euro izan da harpidetza, bidalketa, diseinu eta inprenta lanetan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión