«Edozein herritar izan daiteke wikilari eta editore»
Beñat Irasuegi Kooperatibista eta wikilariaOarsopedia lan taldea martxan da atzotik euskarazko Wikipedia Oarsoaldeko edukiekin hornitu eta editoreen komunitatea sortzeko asmoz
AYAR SALAZAR
Errenteria.
Domingo, 27 de junio 2021, 00:40
Beñat Irasuegi Ibarra errenteriarra Komunikazioaren, Kooperatibismoaren eta Teknologia Digitalen arloan aditua da, Olatukoop mugimenduko kidea eta KoopFabrika programan proiektu sozial eta eraldatzaileen bidelagun aritzen da. Gainera, Talaios Kooperatibaren sortzaileetako bat da eta Oarsopedia herritarren lantaldearen sustatzailea da.
Publicidad
–Azal iezaguzu zein den Oarsopedia herritarren taldearen motibazio nagusia?
–Oarsopediak bi helburu nagusi ditu. Lehena da Errenteria edo Oarsoaldean Wikipedia euskaraz editatzeko interesa izan dezaketen herritarrak biltzea, helburu komunak ezarri eta elkarrekin ikasteko asmoz. Bigarrena, berriz, gure herrietan dagoen ondare inmateriala eta ezagutza herritarra identifikatu eta eduki libre bezala entziklopedia askera igotzea. Bi motibazio nagusi beraz, elkar ikasteko komunitatea sortu eta ondare komunaren digitalizazioan eragile izatea.
EUSKARA«Garrantzitsua da euskaraz bizi nahi dugunontzat ezagutza librea euskaraz egotea»EGOERA«Euskarazko proiektuaren osasuna eta kokapen erlatiboa oso ona dela esango nuke»
–Gaur egun, badirudi internet oinarrizko baliabide bihurtu dela gure gizartean. Interneteko baliabideen artean, zein garrantzia du gure bizitzetan Wikipediak?
–Wikipediaren garrantziak erlatiboa irudi lezake norberaren erabileraren arabera, bereziki interneteko korporazio handiek, Google, Amazon, Facebook eta horrelakoek internet bera 'jaten' ari duten, eta eduki libreen erabilera txikiagotzen ari den garaiotan. Baina horrexeagatik Wikipedia, mundu mailako ezagutza libre eta irisgarria bematzeko proiektu kolektibo handienetako bat, inoiz baina garrantzitsuagoa da denontzat irisgarri, eta modu demokratikoan eraikitzen delako. Ezagutza oinarrizko baliabide bat da eta denek dugu bertara sarbidea izateko eskubidea. Proiektu honek hori bermatzen du.
–Zein erakundek parte hartzen dute euskarazko entziklopedia garatzeko sustapenean?
–Ezagutza oinarrizko baliabidea izanik, bereziki garrantzitsua da euskaraz bizi nahi dugunontzat, ezagutza librea euskaraz ere egotea, eta horregatik Euskarazko Wikipedia. Proiektuaren garapena eta zabalkundea sustatzeko, euskaraz editatzen duten wikilariek Euskal Wikilarien Kultur Elkartea (EWKE) sortu zuten duela urte batzuk eta bertatik egiten ditugu sustapen, formazio eta zabalpen lanak. Elkarteak zenbait proiektu gauzatu ahal izateko, erakunde publikoen laguntza jaso izan du, benetan eskertzekoa. Oarsopedia ekimen konkretuan berriz, EWKE, Errenteriako Udalaren Kultura saila, eta Torrekuan kokatutako TEKS Elkartea gara sustatzaileak.
Publicidad
–Wikipediaren filosofia entziklopedia askea izatea da, poliglota eta elkarlanean editatua. Balio horiek guztiak beste proiektu batzuetan lantzen ari zara. Ahal duzu zure jarduera profesionalari buruz gehiago garatu?
–Bai, proiektu honetan herritar bezala parte hartzen dut, baina egia da nire lanetik ere denbora pixka bat hartzen duela, eta gure kooperatibaren lan-ildoekin bat egiten duela. Horregatik ere, kartelak adibidez Talaios kooperatibako lankide Yeray Gascónek egin ditu. Nire lan jardueran bi ildo nagusi garatzen ditut, alde batetik proiektu komunitario eta kooperatiboen sorkuntza. Bidelaguna naiz Euskal Herrian sortzen ari diren hainbat proiektu kooperatiboetan, eta ekonomia sozialaren eta kooperatibismoaren oinarriekin, baina ikuspegi eraldatzailez, bideragarritasun planekin, marketing komunitarioarekin edo antolaketa eta estrategia tresnekin proiektuak gauzatzen laguntzen dut. Beste arloan teknologia libreen erabilera estrategikoa egiten laguntzen diet erakunde eta enpresa ezberdinei. Bide horretan Wikipediak bat egiten du gure jarduera kooperatiboarekin, ezagutza librean, jabetza kolektiboan eta kudeaketa demokratikoan oinarritzen delako.
Publicidad
–Zein da euskararen egungo presentzia entziklopedia honetan eta zein dira erronkak?
–Elkarrizketa hau egiten ari garen momentuan 376.194 artikulu ditu Euskarazko Wikipediak, proiektu osoak milioika artikulu, eta gainera gehitu behar zaio Commons proiektuko eduki multimedia libreak edo Wikidatako datu base libre erraldoia. Esango nuke euskarazko proiektuaren osasuna eta kokapen erlatiboa oso ona dela, 32. hizkuntza da, eta askoz erabiltzaile gehiago dituzten hizkuntzen aurretik dago euskarazkoa bolumenean. Horrek hala ere ez du lasaitasunera eraman behar, esan bezala ezagutza digitala ezinbestekoa bihurtu den garaian ezinbestekoa baidugu euskarazko ezagutza libre digitala handitu eta kalitatean etengabe hobetzea. Nire ustez aurrean ditugun erronkak bereziki kualitatiboak dira, informazio gehiago baina hobea, lurraldetua eta digitalizatu gabea eraman behar dugu Wikipediara, wikilarien sareak handitu eta indartu behar ditugu tokian toki, eta eduki libreen erabilera eta zabalpena euskaraz egitea bermatu behar dugu.
–Nola parte har dezakete herritarrek edukiak sortzen?
–Edozein herritar izan daiteke wikilari eta editore, modu oso ezberdinetan gainera. Modu orokortuena artikuluen edizioari dagokiona da, Wikipedian informazio bat falta bada edo hobetu daitekela uste badugu, ez du inork gugatik egingo, eta edozein herritarren ardura da lan hori egitea, horretarako eskuragarri dauden edizio tresnekin, kontua ireki eta editatzen hastea da egin beharrekoa. Beste moduetara ere lagundu daiteke, argazki, bideo eta dokumentu libreak igoz, Wikidatako datu basea hobetuz, etab.
Publicidad
–Zergatik aukeratu duzue lehenengo saioko 'leit motiv' gisa Lekuona Fabrika?
–Lekuona Fabrika proiektua dinamizatzen ari direnen eskutik jaso genuen herritarren lantalde bat sortzeko proposamena, lehenagotik ere Errenteriako Udalarekin Oarsopediaren bueltan ekimenak eginak genituelako, eta guk orduan Oarsopedia talde finkatzeko aukera ikusirik Lekuona Fabrika proiektuarekin bat egitea erabaki genuen. Lehen gaia Lekuona Fabrika izatea elkarlana finkatzeko aitzakia bat da, eta bestalde Errenterian herritarren agendan dagoen gai batekin lotzea. Erakutsi nahi dugu Wikipediaren edizioa ez dela beti ezagutza historikoa lantzea, aktualitatearekin eta ezagutza immaterialarekin ere gauza asko egin daitezkela erakutsiko dugu. Lekuona Fabrikaren historia jasoko dugu, baina baita bizirik eta hasi berria den proiektuaren izaera.
–Noiz eta zein izango dira tailer hauetako gaiak?
–Oraingoz hiru tailer antolatu ditugu Oarsopedia lantaldea finkatzeko asmoz, beraz edizio tailerrak egiteaz gain subjektugintza pixka bat egingo dugu, taldearen izaera landu, helburu komunak ezarri eta talde autonomoa sortzeko gogoz. Gaiei dagokionez, bigarren tailerrean, uztailak 10, Madalenak eta herriko jaiekin lotutako ezagutza herrikoia jaso nahi dugu. Hirugarrenean, irailak 11, kurtsoko ekimenak modu kolektiboan erabaki nahi ditugu, eta gai posible bezala 'Manchester txikia' eta Errenteriako eta eskualdeko industrializazioa landu nahi dugu. Gaitegia irekia da hala ere, eta norberak eraman ditzake bere gaiak tailerretara.
Publicidad
–Zein dira zuen ekimenaren erronkak epe ertain eta luzera?
–Esan bezala epe ertaineko helburua Lekuona Fabrikan wikilarien tokiko talde bat finkatzea da, eta ez da erraza, denok ditugulako gure bizitzak okupatuegiak. Denbora librea modu komunitarioan erabili, ezagutza libre digitalak landu eta harremanak egiteko espazio lasai eta gozagarria sortu nahi dugu. Epe luzean berriz, ezagutza herritarrak sistematikoki digitalizatu eta herritarren eskuetan utziko dituen dinamika bat sortzea da asmoa. Errenteria langile herria da, eta gure ezagutza eta bizitzak beti egon dira 'gai garrantzitsuetatik' kanpo. Horri buelta eman eta gure herri izaera modu kolektiboan indartzeko aletxoa jarri nahi dugu, herriko eta eskualdeko hezkuntza, gizarte, kultura, aisialdi edo ekonomian dabiltzan eragile eta herritarrekin batera.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión