Poza kantatu, Gipuzkoa!

Eraginkortasun isilez eraldatu dugu lurraldea, euskarari, auzolanari eta nortasunari eutsiz. Herriarekin batera irria ere luzitzea, akaso falta izan zaiguna

Gaizka Lasa

San Sebastián

Domingo, 7 de septiembre 2025, 00:09

Gipuzkoaren lehen erreferentzia idatziaren milagarren urteurrena ari da ubera aberats askoa uzten. Aitor dezagun: goitik behera bideratutako ekimenek nekez marrazten dute halako arrastorik, hots, elkartasun zintzo eta baikorraren gizatasun aztarna. Honek bai ordea. Baten batek estutu du garuna 'Ipuscua'-ren izena eta izana zukutzeko. Uda hasieran Tolosan lurraldeko agintariak eta alkateak soka dantzan ikusi genituen. «Guztiok soka berekoak garela eta komunitate indartsua eta sendoa osatzen dugula» irudikatu zuen ekitaldiak Eider Mendoza diputatu nagusiaren esanetan. Ederra bezain mamitsua argazkia. Bestalde, laster ahots-kordek hartuko diote sokari lekukoa. Dantzatik kantura goaz. Ez gabiltza toki txarretan. 'Ura Bere Bidean' kontzertua Donostiara iritsiko da abenduan. Garai ezberdinetakoen elkargune izateko sortu da ikuskizuna, kantuan giro komunitario berezia sortzeko hain zuzen ere. Oso gipuzkoarra ekimena, herri askotan oraindik ere irauten baitu kantutegiaren tradizioak, gure ondare kulturalaren zaindari diren kuadrilla horiei esker. Ez dute zarata handirik egiten eta ez dira ospetsuak. Ez daude aberats diruz ezta oinetakoz, baina gipuzkoar nortasunez sano dabiltza eta euren arbasoen bandera gogoz harrotzen dute. Mila urte barru ez dira trikitia eta gitarra eskuan hartuta irtengo, noski. Hegan eta erloju ñimiño bat besterik ez dutela, akaso, baina komunitate baten izenean eta, batez ere, euskaraz.

Publicidad

Kondairagilearentzat lurraldearen mila urteak azaltzea zaila bada, inor ez denarentzat guztiz ezinezkoa da, baina nago hizkuntzaren ezaugarria lehen lerrora ekarriz bekatu handirik ez dugula egingo. Arigune da Gipuzkoa alor honetan eta euskarak Euskal Herrian duen indargune nagusia adierazle guztien arabera. Baina hau ere ez da harrokeri iturri gipuzkoarrarentzat, harrotasun isilerako arrazoi baizik.

Euskararen biziraupena da, hain zuzen ere, bertako herritarrok garaian garaiko baldintzetara egokitzeko izan dugun gaitasunaren isla. Zuhurtasunetik eta auzolanetik betiere, lurraldeak aurre egin die mendez mendeko erronkei. Xabier Letek idatzi moduan, gipuzkoarren lana ere «jakintza dugu: ezagutuz aldatzea, naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea. Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz, bertatikan irautea».

Bai horixe, sustraiak lurrari ondo lotuta dauzka gure herriak. Bernardo Atxagaren deskribapenak asko esaten du: «Gu bezalakoak, herri ttikietako umeak, idiak beren gurdiekin kale nagusitik pasatzen ziren garaian jaioak, behiei begira egoten ginenak hiltegira zeramatzatenean soka batez lotuta kale nagusi beretik, eta haiek harri pinporrean utzitako pustiletan txorientzako zepoak jartzen genituenak». Horien oinordekoak gara gu.

Guztiok soka berekoak garela erakutsi ondoren, ahots-kordek batera astintzeko garaia da

Jakintza eta ezagutza ez ezik, ekimena eta ausardia ere erakutsi zuten gure aurrekoek industrializazio garaian, lurraldea mundu zabalean puntako ekoizle bilakatuz. Berrikuntzak ere eraginkortasun isilez txertatu ditugu. Txirritaren bertsoa horren adierazgarri Norteko Ferrokarrilaren harira. «Nere munduko jakinduriya izan da oso azala/Jangoikuari eskatzen diyot arren argitu nazala;/garai batian ez genekiyen eletrikarik bazala/orañ ur otzak dabillki trena len irakiñak bezela». Laster datorrena ikusiko bahu, Joxemanuel...

Publicidad

Orain adimen artifizialaren olatua ere hartu dugu, hartu badugu. Aurpegia aldatuko digu horrek, ez arima. Eraldaketak eraldaketa, eutsi nortasunari Gipuzkoa! Eta eskatzen hasita, hain zuzen, herriarekin batera luzitu irria, bihar zortzi 99 urte beteko zituen Lazkao Txikiren modura. «Ez eduki, ez, ni beti pozik egoten naizen usterik/ez baidaukat andregairikan, ez baidaukat emazterik/amaika aldiz egon izan naziz barrua penaz beterik/baiñan nik poza kantatutzen det tristura neutzat gorderik».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad