Landa-inguruneko gipuzkoarrek ere ondo zekiten dotore janzten. 'Euskal jantziak' aukeratzerakoan kontuan izan beharko genuke. Pascual Marin (Fototeka Kutxa)
Iruntzietara

Elegante, gipuzkoarron erara

Moda kontuak. Gizarte baten balioak, sinesmenak, aldaketa kulturalak nahiz botere-dinamikak ulertzeko tresna baliagarria izan da betidanik moda. Baita Gipuzkoan ere

Domingo, 14 de septiembre 2025, 00:37

Gizarte baten balioak, sinesmenak, aldaketa kulturalak nahiz botere-dinamikak ulertzeko tresna baliagarria izan da betidanik moda. Baita Gipuzkoan ere.

Publicidad

Oroimen berriak sortzen dituen erreminta ahalguztiduna

«Beldur puntu bat ere ematen dizu; izan ere, nik ez nuen nire aitona adin horrekin hitz egiten ezagutu, baina oso ondo dago». «Hunkitu egin naiz. Bere keinuak, ahoa mugitzen ikustea... bere hitzak entzuteko gogoa eragin dit». Ignacio Eizaguirre Realeko atezain ohiaren biloba eta semeak harriduraz, emozioz eta esker onez jaso dute -eta hala helarazi digute eskuzabaltasunez- 'Ipuskoa bizi' proiektuaren lehen atala, Atotxari eskainitakoa, Eizaguirre bera Arrate, 'Kiriki', Bienzobas... zelaian, jokoan, ikusteko aukera eskaini diguna. Eta egia da, bai, beldur puntua ematen du nonahiko eta ezinbesteko bilakatu den adimen artifizial ahalguztidunak -are gehiago algoritmo eta antzeko kontzeptuen funtzionamenduaz zipitzik ulertzen ez dugunoi-, baina Eizaguirretarrak bezalaxe, zenbatek eskertuko genukeen altxor moduan gordetzen dugun argazki zahar horretan azaltzen diren senide edo laguna berriro ere mugimenduan ikustea, barrezka, jolasean, dantzan... 'bizirik'. Artifizialki bada ere.

Euskal jantzia eta elegantzia ez dira bateraezinak

Eizaguirretik Balenciagara, Atotxatik Hipodromora, kiroletik modara... 'Ipuskoa bizi'-ren bigarren atalak Donostiaren bilakaera guztiz aldatu zuen garai batera garamatza, hiriaren eredua finkatu zuen Belle Epoque hartara -orduan ere eztabaida askoren artean, portzierto-. Hala, ibiltoki erraldoi baten moduan, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran gipuzkoarrak nola janzten ziren erakusten digu. Eta, bai, hiriko klaserik erosoenetako gizon zein emakumezkoen dotorezia agerian geratzen da, baina baita landa-inguruneko jendeak behar zenean dotore janzten bazekiela ere. Euskal jantzia eta elegantzia bateraezinak ez direla, alegia. Santomas egunean, Euskal Jaietan, Eguberrietan kontuan izan beharko lukete zenbaitek.

Jostuna maisu bihurtu zuen testuinguru historikoa

«Parisek nazioarteko dimentsioa eta mundu osoan ezagun bihurtzeko aukera eman zion, baina Balenciaga Gipuzkoan egin zen». Miren Arzalluz historialariak behin baino gehiagotan errepikatu izan du hori, eta gutxik dakite gipuzkoar diseinatzaile unibertsalenari buruz hark baino gehiago. Jostun handia izateko beharrezko baldintzak berezkoak izanda ere -sentsibilitatea, sortzeko eta lan egiteko gaitasuna, perfekzioaren bilaketa- Balenciaga une historiko oso zehatz baten emaitza dela azpimarratzen du bizkaitarrak eta bideoak ederki islatzen du hori.

Kapela arte bilakatu duen erakusketa ikusgai Tolosan

Balenciagaren sorkuntzetan leku propioa zuten kapelek. Jantziekin batera diseinatzen omen zituen; oreka arkitektonikoko elementu moduan, «jantzia koroatzen» zutelako. Garaiko gipuzkoar gizartean ere ezinbesteko elementua ziren, eta horrek oraintxe Tolosan ikusgai dagoen 'Txapelarte' erakusketa ibiltarira eraman gaitu ezinbestean. Donostiako San Martin Auzoa Elkarteak bultzatuta egitasmoak gure nortasunaren ikonoa den txapela omendu nahian, hainbat diziplinatako artistek landu eta moldatutako Boinas Elóseguiren txapelekin erakusketa ederra sortu du. Urriaren 6ra arte Topicen dago. Hortxe gonbita.

Publicidad

XIX. mende hartara bidaia egiten duen Elegante Eguna

Eta honen harira, beste proposamen bat. Duela hamarkada inguru, Ormaiztegi Zumalakarregi Museoak XIX. mendera bidaiatzeko proposamena luzatu zien herritarrei San Miguel jaien baitan antolatzen zuten Elegante Egunean. Hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak antolatu zituzten, nahi zuten ormaiztegiarrek jantzi Eduardianoak josi eta egun horretan jantzi zitzaten. Hasieratik harrera ona izan zuen ideia hark eta urtetik urtera parte-hartzea handituz joan da, egun batez Ormaiztegi guztiz eraldatuz. Azaroaren amaieran izaten da. Hortxe bigarren gonbita.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad