Zikloak itxi aukera berriei atea irekitzeko
Itxiera egokia ·
Jakina da etapa berri oro hasi aurretik ezinbestekoa dela aurrekoari amaiera aproposa ematea. Aldaketak ustekabean datozenean ez da lan erraza izaten, baina zirrikituak uztea ez da onuragarria izaten.Eneko Goia
Ustekabeko agurra hurrengoari zikloa hasteko aukera emateko
Bere hirugarren legealdiaren erdian alkatetza uzteko erabakiarekin ustekabean harrapatu ditu donostiarrak Eneko Goiak, are gehiago bidelagun nahiz aurkari politikoak. Zikloak hasi eta bukatu egiten direla, eta hamar urteren ostean (lauren multiploa ez den arren) berea ixteko garaia iritsi zaiola azaldu du. Alabaina, jakina da arrazoi pertsonalez harago, EAJren apustu politikoa dagoela erabaki horren atzean. Baikor izateko argudioak ematen ez dien joera politikoa iraultzen hasteko beharra. Hala, erreleboa prestatu eta 2027an nagusitu ahal izateko ezinbesteko ikusi dute jeltzaleek, antza, pauso hau. Estatu Batuetan 'lame duck' esaten diote presidenteari hurrengo legealdian aginteari ez diola eutsiko jakina denean. 'Ahate herrena', mugimenduak mugatuak dituena, zaurgarri ehiztarien aurrean. EAJk badaki ezin duela halakorik onartu eta 'ahatea' aldatzeko hautua egin du. Ikusteko dago ziklo berria, Jon Insaustiren zikloa, irekitzeko balioko dion.
Publicidad
Pilar Legarra
Herritarren berotasun eta eskertzek leundutako despedida
Alkate batek bere kargua legealdia amaitu aurretik uztea ohikoa ez den arren, gurean bi izan ditugu denbora tarte txikian. Pilar Legarraren agurrak ez du horrenbesteko oihartzuna izan, bere herrian, Asteasun, inpaktua polita izan da. Alkatearen figura edozein herri edo hiritan garrantzitsua bada, udalerri txikietan erabateko erreferente bihurtzen da. Asteasuko Udalean 40 urte egin ditu Legarrak, lehenengo administrari bezala eta azken 14 urteetan alkate, eta herrian eta eskualdean utzitako arrastoa agerian geratu zen azken egunean herritarrek eskainitako omenaldi beroan. «Bukatu daiteke alkatetza bat gaur baino hobeto?», zioen. Horixe ba.
Itsaso eta Angiozar
Tokiko erakunde txiki bezala ibilbide berriari ekiteko prest
Zikloak itxi beste batzuk irekitzeko. Bide horretan dira, baita ere, Gipuzkoako beste bi txokotan. Izan ere, Angiozar eta Itsaso tokiko entitate txiki izendatzeko prozesua urriaren 8an hasiko da Batzar Nagusietan, haien eskaera historiko bati erantzunez, eta euren eguneroko kudeaketa erraztuz eta autonomia handiagoa emanez. Hala, prozesua amaitzean egun Ereñozu, Itziar eta Igeldok osatzen duten taldera batuko dira biak. Besteak beste, alkatea hautatzea izango dute eginkizun.
Ane Santesteban
Errepidean erreferente, baita bizikletatik jaitsi ostean ere
34 urterekin eta elitean 17 denboraldi osatu ostean amaituko du bere ibilbidea Ane Santesteban txirrindulari errenteriarrak gaur bertan Eibarren. Beste urtebeterako kontratua zuen arren, denboraldia amaitzearekin batera erretiroa hartzea erabaki du, osasun-arazoek baldintzatuta. Kirolean erreferente (onenen artean ibili da urte askoan, belaunaldi berriei bidea zabalduz), bere konpromisoa harago joan da, eta endometrosiak eragin dizkion arazoak plazaratuz beste emakume askorentzat eredu ere bihurtu da. Ziklo hau itxita, berrian ere txirrindularitzarekin konprometituta jarraituko duela agindu du. Baliagarria izango da ekarpena.
Ehunmilak
Proiektuari jarraipena eman diezaioken taldearen bila
Agurrez beteriko aste honetan, beste bat: 2026an ez da Ehunmilak lasterketarik izango Goierri eta Tolosaldeako mendietan. Ez behintzat, orain arteko antolakuntza batzordearen eskutik, nekea, errelebo falta eta arazo ekonomikoak tarteko, atseden hartzea erabaki baitu 2008az geroztik Beasainen «boluntarioki lanean daraman lagun talde txikiak». Lan horrek mendiko lasterketen nazioarteko egutegian leku esanguratsuan utzi du proba, baina bere benetako indarra urtero inguruko herrietako ehunka bolondres mobilizatzeko gaitasunean egon da. Eta hortxe egon daiteke probaren iraunkortasunaren gakoa. Ziklo berri bat hasteko aukera. Egungo antolatzaileak prest agertu dira proiektuarekin jarraitzeko interesa izan dezakeen «edozein talderi ateak ireki eta laguntza eskaintzeko». Hor gonbita.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión