Iruntzietara

Jestu txikien handitasuna

Keinuak ·

Maiz esan ohi da, eta historiak halaxe erakutsi digu, ekintza xumeena ere erabakigarri bilakatu daitekeela testuinguru jakin batean; pauso txikiek aldaketa handiak eragin ditzaketela. Ez ditzagun bada gutxietsi

Domingo, 21 de septiembre 2025, 09:57

Palestina

Eraginkortasunaz harago, derrigorrezko bihurtzen diren ekintzak

Espainiako Vueltaren azken txanpan, eta bereziki hura itxi behar zuen etapan, izandako protesta eta istiluen oihartzunarekin hasi genuen astea. Haien zilegitasuna nahiz eraginkortasuna eztabaidagai. Alabaina, Israel Gazan burutzen ari den sarraskiaren aurkako keinuak eguneroko bihurtu dira eta asteon ere makina bat izan ditugu, tamaina eta mota guztietakoak: protestak (Legebiltzarrean, unibertsitatean, Zinemaldian...), ukoak (Eurovisiónen parte hartzeari, milioika euroko proiektuei), aldarrikapenak... Keinu xumeak batzuk, anbizio handiagokoak beste batzuk. Eta, bai, arrazoi izan dezakete horien efikazia zalantzan jartzen dutenek, baita haien kontraesanetan azpimarra jartzen dutenak ere. Baina, geldi eta ixilik egotea aukera ez denean, zer egin?

Publicidad

Lurdes Iriondo

Bidegabekeriak azaleratu eta konpondu dezaketen erabakiak

Badira behar baino beranduago iristen diren keinuak, eta horrexegatik ordurarte oharkabean joan diren bidegabekeriak azaleratzeko balio dutenak. Lehenago iritsi ez izana nola den posible galdetzera garamatzanak. Zendu zenetik 20 urte igaro direnean Gipuzkoak urrezko domina emango dio Lurdes Iriondo donostiarrari, «euskal kantagin-tzan eta haur literaturan egindako ekarpen aitzindaria», nahiz «garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea» aitortzeko. Bazen, bai, ia beti zerrenda luzeago baten barruan aipatzen zen idazle, kantari eta musikari handiari bere lekua emateko garaia. Zor genion keinua, zalantzarik gabe.

Benito Lertxundi

Jesturik xumeena ahaztezin bihur daiteke testuinguru egokian

Testuingurua dela, protagonistak direla, jestuaren beraren izaera dela... keinurik xumeena ere handi, indartsu, ahaztezin bihur daiteke, ia nahi izan gabe. Igandean Orioko plazan gertatutakoa horren adierazle. Herriak arraunlariei haien 36. Kontxako Bandera eskuratzeagatik eskaini zien ongietorri beroan gertatu zen, Gorka Aranberrik eta Martxel Aldaik hantxe, jendartean, Benito Lertxundi topatu eta udaletxeko balkoira gonbidatu zutenean. Baiezkoa eman zien eta magiko bilakatzen diren momentu horietako bat oparitu, oriotarrak berak sortutako 'Mirotzak' abestia kantatu zuenean arraunlariekin eta herriarekin batera. Omenaldi hanpurutsuagoak izango ditu Benitok ziurrenik bere agurrean, baina zaila izango da haren begiradaren distira hura errepikatzea.

Buru osasuna

Agindutakoa keinu hutsean ez geratzeko baliabideak behar dira

Asteon Legebiltzarrean egin den politika orokorreko bilkuran, buru osasunean jarri nahi izan du azpimarra Imanol Pradales lehendakariak eta, beste hainbat konturekin batera, herritarren ongizate emozionala hobetze aldera Jaurlaritzak indar berezia egingo duela iragarri du. Hala, besteak beste, Lehen Arretan psikologoak jarriko direla aurreratu du eta nerabeei ongizate emozionalaren jarraipena egingo zaiela. Gazteen artean antsietatea eta depresioa bezalako gaitzak gorantz doazen honetan, pauso oro positiboa izango da. Alabaina, jakin badakigu iragarpen horiek hutsean ez geratzeko baliabideak bermatzea ezinbestekoa dela. Amiantoaren biktimek edota ELA gaitza dutenek badakite zer den hori...

Erin eta Endika

Dibertsitate funtzionala duten pertsonekin konprometituta

Erinek eta Endikak eskaintzen digutena keinu bat baino gehiago da, baina pasa den igandean, Idiazabalen egin zen Axari Trail proban ikusi ostean, orrialde honetara ekartzea ia derrigorrezkoa genuen. Erin Altzelai zumarragarrak Ehlers-Danlos baskularra du eta bere aita Endikarekin hainbat lasterketetan, errepidean, mendian... parte hartzen du, aulki bereziarekin eta hainbat laguntzailerekin, dibertsitate funtzionala duten pertsonen errealitatea ezagutarazteko eta eskubide eta baliabide berdintasuna aldarrikatzeko. Keinua helburua bezain ederra.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad