Martin Aramendi: «Kulturartekotasunean jarri behar dugu fokua eta euskararekiko atea ireki»
Ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia indartzea ezinbesteko jotzen du «gazteek bertatik edaten» baitute
Euskalgintzarekin aspaldiko harremana du Martin Aramendik (Ataun, 1970) eta orain UEMAko lehendakari bezala lekukoa hartu dio Iraitz Lazkanori. Arduraren jakitun, zuzendaritza kideak eta teknikariak bidaide izango dituela nabarmentzen du erronka nagusiei aurre egiteko: ikus-entzunezkoetan euskara egotea, kulturartekotasuna kontuan izatea eta mankomunitatea indartzen jarraitzea.
Publicidad
- Kargua hartu berritan balorazioak egitea ez da erraza, baina Zeanurik kide izateko egindako eskariarekin 102 udalerri lirateke UEMAn 305.000 pertsonako lurgunea ordezkatuta. Ardura da halako itsasontzia gidatzea?
- Bai, hala da. Azkenean sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartzen duzu, 102 izango dira eta beste herri batzuk adierazi digute sartzeko asmoa. Erakunde potentea da, bai. Bestalde udaletik horrelako erakunde batera goazenean bizkargainean motxila astun samarra daramagula goaz eta sartu arte ez da ondo jakiten UEMAk dituen premiei behar bezala erantzuteko modua izango dugun. Zorionez zuzendaritzan beste 10 lagun izango ditut laguntzeko, eskarmentu handiko teknikari taldearekin batera. Horrek guztiak lasaitasun puntu bat ematen dizu, eta nahiz eta ardura handia izan denon artean ondo erantzuteko moduan izango gara.
- Aipatzen duzun zuzendaritza berri hori, gainera, adostasunetik eraikia izan da. Alderdi, udalerri eta lurralde ezberdinetako eledunak izatea da indargune nagusienetako bat?
- Zalantzarik gabe. Aspalditik ezagutzen dut mankomunitatea euskal munduan egin dudalako lan urte luzez, baina duela lau urte Ataungo Udalean sartu nintzenetik barnexeagotik jakin dut egiten duena batzarretara joan naizelako eta proiektuetan parte hartu dudalako. Batzarretan ere ikusten da proposatutako proiektuetan erabateko adostasuna dagoela eta zuzendaritza barnean aurreko lau urteetan ere hala izan omen da. Hori poztekoa da, honetan behintzat denok bat gatozela eta norabide berean arraun egiten dugula jakiteak bat animatzen du. Sesioak eta gorabehera handiak baleude gehiago kostatuko litzateke baiezkoa ematea, baina zorionez ez da kasua.
«Ez da berdina arnasgunea ala hiriburua, tokian tokiko ikuspegia UEMAren orokorragoa uztartu behar dugu»
- Kargua hartu berritan «euskararen biziberritzean giltzarriak» izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia dela aurreratu zenuen. Barrura begirako mezua izan zen ala administrazioari bideratutakoa?
Publicidad
- Euskararen munduan denak gabiltza kezkatuta erabilerarekin: eragileak, erakundeak eta administrazioak. Gabezia identifikatu dugu, ez gara hizkuntza hegemonikoa eta alboan bi hizkuntza oso potente ditugu. Inertzia horrek oso erraz eramaten gaitu beste hizkuntza horietara jotzera. UEMAren kasuan ere ikusi dugu gure udalerrietan atzera egin dela erabileran, arnasgune ziren batzuek arnasgune izateari utzi diotela eta beste batzuk horretarako bidean daudela. Horri buelta ematea izango da gure eginbehar nagusienetako bat.
- (...)
- Horren baitan ezinbestekoa izango da herritarren hizkuntza ohituren diagnostikoa egitea. UEMAtik lerro bat ireki dugu ikerketa gauzatzeko eta agintaldi honetan berariaz indartuko dugun arloa izango da diagnostiko eta argazki zehatza nahi dugulako. Hala, hizkuntza-politika tokian tokiko errealitatera moldatu ahal izango dugu, hartzen dugun eremua oso anitza baita, Arnasguneak errealitate bat irudikatuko dute, baina beste udalerriek oso bestelakoa. Ezin da politika bat eta bakarra izan herri guztietarako. Adibide onena Zaldibian Guraso Elkartearen bidez egin den proba pilotua da. Kulturartekotasuna kontuan izan da, kanpotik etorritako herritarrak euskararen munduan hobeto eta arinago nola integratu landu da. Bide hori erraztea eta laguntzea oso garrantzitsua da, oso emaitza onak eman ditu. Esperientzia honetatik ikasi eta gero tokian tokira molda dezakegu.
Publicidad
«Euskaldun tipologia aldatu da, gure herrietara heltzen diren etorkinei txertatze-prozesuan lagundu behar diegu»
- Nola uztar daiteke tokian tokiko ikuspegi hori erronka nagusiak betetzeak, UEMAren «lurgunea zabaltzea» eta «jauzi kualitatiboa» ematea, eskatzen duen orokorragoarekin?
- Zeanurik eskaera egin duen bezala udalerri berriak erakartzea gure asmoetako bat da, noski, zenbat eta lurgune zabal eta sendoagoa izan, UEMAren indarra eta eragina handiagoa izango delako. Horrek, noski, teknikariei lan gehiago ekarriko die, udalerriei zerbitzu bat eskaini behar zaielako. Bestetik, posible da udalerri horietan azterketak eta ikerketak egin behar izatea eta aipatutako Zaldibiako prozesu pilotua bezalakoak martxan jartzea. Nik uste lanaren bitartez ondo uztartuko ditugula sendotasuna eta tokian tokikotasuna.
- Martxan duzuen beste proiektu bat 'Arnasetik' bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa da. Gazteenganako politiken falta ala ikus-entzunezkoen alorra sustatzeko beharra da abiapuntua?
- Gazteen aisialdian eta gazteak euskarara erakartzeko nahitaezkoa ikusten dugu ikus-entzunezkoen alorra. Bertatik edaten dute gazteek, ikus-entzunezkoei begira pasatzen dute eguna eta, hor euskararen presentzia oso txikia da. Korrontearen aurka goaz igeri eta askotan nekagarria da, baina hizkuntza-ohiturak sortzean erabakigarriak direnez bultzatu beharreko eremua da eta ahalik eta eskaintzarik zabalena egin behar dugu.
Publicidad
«Hizkuntza-ohiturak sortzean erabakigarriak dira, bultzatu beharreko eremua da eta euskarak hor egon behar du»
- Administrazioari «neurri ausartak» eskatuko dizkio UEMAk hainbatetan. Non jarri behar da fokua?
- Foku asko jar daitezke aldi berean, baina niretzat aipatu dudan kulturartekotasun hori da garrantzitsuenetako bat. Gure herrietara heltzen diren etorkinak hartu behar ditugu eta euskararekiko atea ireki, euskararen munduan txertatzeko arintzea eta atea irekitzea funtsezkoa da. Jende horrek beste lehentasun batzuk ditu eta nahikoa lan du eguneroko bizimodua aurrera ateratzeko, horregatik ahaleginean laguntzen badiegu denok irabaziko dugu eta mundu oso bat eskainiko diegu gozatzeko eta bizitzeko. Eta ausartak lege babesa eskaintze aldetik ere, azken urteotan ikusi dugulako euskararen erabakiak etorri direla epaitegietatik. Eta ez dugu atzera egin nahi. Ildo horretan dator azaroaren 4ko manifestazioa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión