Korrika
«Inoizko Korrika-rik erraldoi eta anbiziotsuena» izan dela nabarmendu dute antolatzaileekEuskaltzaleek errepideak eta kaleak hartu dituztela azpimarratu dute, baina etxetik ere «inoizko Korrika-rik ikusiena» izan dela adierazi dute.
«Itzela izan da». Oraindik atzoko irudiak eta bizitako emozioak ahaztu ezinik, Korrika-ren antolatzaileek eta AEK-ko Artezkaritza kideek balorazio agerraldia egin dute Baionako Askatasun plazan, lasterketa amaitu zen lekuan bertan. «Inoizko Korrika-rik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa», adierazi dute. «AEK-k antolatzen du Korrika baina AEK bideratzaile besterik ez da; atzean, komunitate sendo bat dago» eta horregatik «eskerrik beroenak» eman nahi izan dizkiete «batera edo bestera auzolan erraldoi honetan esku hartu duten guztiei».
Publicidad
Hamaika egun eta hamar gaur igaro ditu lasterketak Euskal Herrian barrena, 2.800 lekuko-aldaketa eta 4.900 eramailerekin. Eta atzetik, milaka euskaltzale, «denok batuta. Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara», nabarmendu dute. Aldi berean, «konplexurik gabeko» komunitate bat badagoela argi geratu dela esan dute, ez duela onartzen «kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horrez ordez, egiazko trantsizio bat nahi du», aldarrikatu dute, Garazi Arrulak idatzitako mezuak jaso zuena gogoraraziz.
Horregatik, etorkizunera begira oraindik asko dagoela egiteko gogoratu dute, eta horretarako denon laguntza behar dela: «instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena. Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza- politika ausartak... jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun».
AEK-k Korrika-ren inguruan ezarritako helburuei dagokienez, horietako bat nabarmen bete dutela uste dute. «Euskararen aldeko kontzientzia astindu du Korrika-k, herri-gogoa hauspotzea lortu du». Izan ere, lasterketan bertan parte-hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere «inoizko Korrika-rik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita», eta hau posible izan da neurri handi batean «sare eta hedabideen elkarlaneko lanari esker».
Aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, hauek ere «onak» direla aitortu dute, naiz eta oraindik goiz izan «arlo horretako xedera iritsi garen adierazteko».
Azkenik, AEKtik azpimarratu nahi izan dute «biziki» poztu dituela edizio honen omenduen aldarria —Azterketak Euskaraz kolektiboarena, alegia— zabaldu izanak. «Bihotz-bihotzez, espero dugu Korrika honetan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtuko dela haien helburuak lortzeari begira».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión