Monoteistek ekarri zuten moda hura: bat eta bakarra. Eta gainerakoak, fuera. Edo sutara edo heresiaren zingirara. Eta hasieran Jainkoa eta aberria ziren bat eta bakarrak, baina, luze gabe, gure ohitura gastronomikoetara ere hedatzen joan da mantra mono estereoa. Gero eta gehiago dira taberna bakarreko bezeroak. Donostian ez da arraroa taberna baten aurrean erromes ilara luzea ikustea, hirian beste tabernarik ez balego bezala. Eta noraino luzatzen diren ilara horiek… Jendeak ez du taberna batean sartu nahi, tenplu batean baizik. Gurtu egin nahi du barra, adoratu pintxoa, kontsakrazio gisa edan garagardoa (horregatik ez dira sinpatikoak zerbitzariak, elizakoak ematen ari direlako)... Turisten kasuan ulertzekoa da, presaka dabiltza, denbora gutxirekin, ahalik eta gehien abarkatu nahi dute. Egonean dabiltza, ia egoteko astirik gabe, eta ilara bakarreko txintxo-potean joaten zaie eguna. Autoktonoen kasuan ere, taberna bakarrekoak bihurtu gara zoritxarrez, dauden prezioekin ezinezkoa baita beste taberna baterako espedizioa ordaintzea.
Publicidad
Udalak, gainera, ez du leku publikoetan xerparik jarri, etorri berriei ate edo gailur berriak erakusteko. Bizi dugun polarizazioaren erakusgarri ere bada. Izan ere, garai batean kanpokoren batek taberna gomendioren bat eskatuz gero, beti erantzuten genion edozein taberna zela egokia; alegia, denak zirela onak. Orain horrelakorik esaten baduzu, zureak egin du, influencerren kofradia santuak klik bakarrean eskumika zaitzake.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión