Herriko jaiez jardun zuen aurreko astean Gaizka Lasak bere artikuluan, uda zatitzen duen ekuatoreaz: herriko jaiak atzean utzi dituztenak, batetik, eta esperoan daudenak, bestetik. Binomio ongi josia dira uda eta jaiak, jostun edo Parka iaioen eskuetatik aspaldi paseak. Baina jaiek badute bere ifrentzua. Erraza da joatea, erraza da ongi pasatzea, barre batzuk egitea, dantza pauso batzuk inprobisatzea, taloaren eta urdailaren arteko muga kosmikoak arakatzea, burua hodeietara eta apur harago igoaraztea… Baina gero, jakina, itzuli egin behar da, bakoitza bere etxera (edo etxe berera, planaren arabera). Eta hor hasten dira komeriak eta arazoak, autobus eta trenen ordutegi bihurriak, bizikleten manillar pozoituak…
Publicidad
Itzulera odiseikoak ere badira, etxeratzeko ohi baino denbora gehiago behar dutenak, bidean galtzen direnak, biderik topatzen ez dutenak, biderik ere badela jakiteke eremuetan zehar doazenak, auskalo zer larretan gora. Gero, noski, etxean galdezka hasten zaizkienean ziklopeak eta lestrigoiak aipatzen ditu urliak, Karibdis eta Eszila sandiak, eta lotofagoak eta sirenak berendiak. Orotariko faunaz betea dago gaua, eta serenorik ez dagoenetik, luzamendutan gal daitezke itzulerak, nahiz eta mugikorrean GPSa eduki.
Denetarako ukendu den gastronomiak ezin du hori zuzendu, ezin da leku guztietan aldi berean egon. Alferrikakoak dira Michelin izarrak bidea topatzeko. Ordurako sorosleak etxean daude goxo-goxo, eta naufragoek eskura duten kartografia fidagarriena memoria ahulduaren ziabogak dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión